Press "Enter" to skip to content

Kategoria: Berriak

Pura vida mae!

Oraingoan indarrez beteriko abentura batekin gatoz! Aste honetako gonbidatua ez da lehendabiziko aldiz motxila bizkarrean hartuta dabilela munduan barrena. Gaurkoan Maddi Lakunzak 2017an Costa Ricatik barrena egindako ibilbidea azalduko digu, nola ez denbora horretan izandako bizipen ezberdinek pisu handi bat izango dutelarik.

Prest zaudete oihan barruan murgiltzeko? Edo itsasoa gustukoago duzue? Abentura honetan denetik probatzeko aukera izango duzue. Sintonizatu Arraio Irratia eta begitazioa erabiliz une batean gure azaro hotzetik Ertamerikako berotara jauzi egingo dugu!!

Asteazkenero lez 21:30tatik aurrera zuekin izango gaituzue FMko 99.3an!

 

KOSTA KASTAren 2.IRRATSAIOA

Bagatoz berriz ere Ikastolako DBH 4. mailako ikasleak zuen belarrietara!!! Hilebete honen azken asteazkenean, azaroak 28, iluntzeko 19:00etan KOSTA KASTAren 2. irratsaioa entzungai izango duzue!
Oraingoan, euskaraldiko koordinatzaile den Rita Aldabaldetrekurekin izan gara eta horren harira iaz Kataluniatik gurera etorri zen Alex Dicenta ikaslea ere elkarrizketatu dugu. Kirolen atalean azken emaitzak emateaz gain, Adur Amatriain surflari eta ikaskidearekin izan gara. Bestalde, azaroak 25 emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako eguna zela eta kalera atera ginen iritzi ezberdinak jasotzera. Azaroak 22ko Santa Xexilia eguna ere gogoan izan dugu eta amaitzeko, kilometrotako koordinatzaile Nerea Altxuk azken berriak kontatu dizkigu. Adi ibili, zozketa ere ez da faltako eta!
Mila esker!

Martin Garate, Pagoeta Mendizale Elkarteko lehendakaria biharko saioan

Kaixo entzule maite!

Biharko saioan Martin Garatek egingo digu bixita gela arroxera. Bera, Pagoeta Mendizale Elkarteko lehendakaria dugu denez, 2018. urtea nola joan den errepasatuko dugu. Datorren urteari begira zein irteera aurreikusten diren ere galdegingo diogu. Honekin batera mendizaletasunak azken urtetan izan duen bilakaeraren inguruan ere arituko gara, etorkizuneko erronkak zeintzuk diren argitu asmoz.

Saioa amaitu baino lehen playeroen errepasoa egingo dugu, 5. jardunaldiak utzitako emaitzak zein sailkapenak aztertuz. Beraz, badakizu, ez hutsik egin eta sintonizatu Arraio irratia, asteazkenean 20.00tatik aurrera FMko 99.3an!!

Mirene Begiristain izan dugu gaur gela arroxean!

Gaur gure 2.saioa izan dugu!
Mirene Begiristain izan dugu hilabeteko protagonista, zuzenean, gela arroxean. Besteak beste, agroekologia eta Emakume Baserritarrak izan ditugu hizpide. Galderatxoren bat edo beste bota gabe geratu zaigu baina beste saio batean jarraituko dugu berarekin berriketan. Gaurkoak entzunda badugu zer hausnartua eta pentsatua!

 

Hilabeteko telesailak eta liburua sorginen bueltan ibili dira: Sabrina eta Sorginduak (Embrujadas) telesail mitikoen remakeak. Liburua, berriz, Irati Jimenezen Nora ez dakizun hori.

 

Bukatzeko, hilabeteko hitza, Morkots! Gaztainaren kanpoko oskol arantzatsua eta emakumearen genitalak; ALUA.

#bargastakuhinetan