Press "Enter" to skip to content

Kategoria: Berriak

Belen Alkorta eta Aizpea Manterola korrikalariak biharko saioan

Kaixo entzule maite!

Biharko saioan Belen Alkorta eta Aizpea Manterola korrikalarien bisita jasoko dugu gela arroxean. Pasa den igandean biek Behobia eta Donostia arteko lasterketa egin zutenez gurera gonbidatu ditugu esperientzia honen berri emateko. Honela bada zergatik egin duten, nola prestatu duten eta lasterketan izandako sentipenen inguruan galdegingo diegu.

Honetaz gain playeroen emaitzak ere errepasatuko ditugu. 4. jardunaldiak ezusteko bat baino gehiago utzi dizkigu eta hauek aipatu beharko ditugu, beti bezala bihar, asteazkena 20.00tatik aurrera Arraio Irratian FMko 99.3an!!

Apustu etxeak: Azpeitia eta Gasteiz

Kaixo ahuntzok!

Jokoa ez omen da errenta, baina negozio borobila bihurtu da enpresa batzuentzat. Azken urteetan, “krisi” deitutakoaz geroztik batez ere, asko ugaritu dira apustu etxeak eta apusturako makinak, horrek dakartzan ondorio kaltegarriekin. Gai horrek kezkatuta, mugitzen hasi dira, esaterako, Azpeitin eta Gasteizen. Dinamika horietako kideekin izan gara, Elkar-Ekin taldeko Imanolekin eta Judimendi auzoko Andrearekin.

Eta noski, horrez gain, ohiko efemerideak, komentario todologikoak eta umore ona. Igandero, 21:00etatik aurrera, FM 99.3! Arraio Irratian!

 

Zinema Itsua Palestinatik barrena!

Azaroari hasiera emango  dio Zinema Itsuak eta horretarako Palestinara bidaiatzea pentsatu dugu. Nagore Martinez eta Hodei Iruretagoiena izango ditugu gela arroxean, brigadistak izan ziren Palestinan. Bien bizipenek, Marlene eta Louisek prestatu dugun  zinema palestinarraren informazioarekin batera, herrialde okupatuaren argazki xeheago bat osatzen lagunduko digute.

Findu belarriak beraz!

Ostegunean 21:00etatik aurrera FMko 99.3an izango gaituzue.