Press "Enter" to skip to content

Kategoria: Atalka

Ezagutzen al duzue Bechdel testa?

Goya sariak banatu dira eta Oscarretarako izendapenak argitaratu dira dagoeneko. Bi jaialdi hauetan nagusitu diren filmak errepasatuko ditugu gonbidatu berezi baten konpainian. Gaurkoan gurekin izango da Iraia Elias aktore eta Atalkari ohia.

Eta bide batez, filmak betaurreko moreekin aukeratzeko test bat aurkeztuko dizuegu, Bechdel testa.  Ba al dakizue zer den eta zertarako balio duen?

Honen guztiaren inguruan solastuko dugu gaurko Zinema Itsuan.

21:00etatik aurrera, Arraio irratiko uhinetan!

2018ko errepasoarekin hasi dugu bargastok urtea

Urte bargasta on!

Eta urtea ondo hasteko 2018an, Zarautzen, emakumeak protagonista izan diren hainbat gai aipatu ditugu: Judith Gagoren argazki-erakusketa, Edurne Epeldek Hik Hasi aldizkarian emandako zaintzaren inguruko elkarrizketa, Karmeldarretako mojek webgunea ireki zutela, Ainhoa Alberdiren “oxido” antzerkia, Emakumeak Planto Zarautzen etab.

Nymeriak beti bezala bi gomendio ekarri dizkigu. Telesailari dagokionez, “Jane, the virgin” izan du hizketagai eta liburuen atalean, Daniele Sarriugarteren “Erraiak“.

Saioa bukatzeko, #hilabetekohitza ez da falta izan: matraka!!! Beti bezala, gure adiera eman diogu, :D.

 

Urtea dantzan hasiko dugu

Dagoeneko, urte berrian hasita bagaude ere, oraintsu estreinatu diren bi film izango ditugu hizpide biharko Zinema Itsua saioan.

Batetik, gaur estreinatuko den Lou, dantzan jo eta ke, oinak lehertu nahian dokumentalaz arituko gara. Horretarako, Louise ez ezik, Lagun Izoztua ere gurekin izango da,  ekoizpenaz eta bizipenez hitz egiteko. Barrutik, ordea, gauzak desberdin ikusten dira eta filma ikustera joandako zarauztarren batekin ere solastuko gara.

Bestetik, Telmo Esnal etorriko da gela arrosera Dantza pelikularen sekretuak kontatzera. Ez hori bakarrik, esku artean dituen proiektuak ere aipatuko dizkigu.

 


Urteari dantzan emango diogu hasiera! 21:00etatik aurrera, 99.3 FMn.

Ana Galarraga Emakume Anabasan

Ikasturteko hirugarren saioko emakume protagonista Ana Galarraga zarauztarra izan dugu. Arlo askotan eta jakin-min ugari izanagatik, dibulgazio-zientzia arloko esperientzia ekarri du gaurkoan gela arroxara. Asko izan dira landutako gaiak: #emakumeakzientzian traolaren abiapuntua, Marikalanbre eta amona Txinpartaren gorabeherak. Eta bere zientzia-fantasia zein den ere azaldu digu.

Nymeriaren kolaborazioa ere ez da falta izan. Telesailen atalean, “Killing Eve“ren inguruan hitz egin digu eta gabonetarako opari kultural moduan Kattalin Minerren “Nola heldu naiz honaino” liburua proposatu digu.

Amaitzeko hilabeteko hitza ere presente izan dugu; beste “perla” bat Txilikuren “Antigoaleko hiztegia”tik hartuta: Matxarda. Adiera asko ditu, baina gu honekin geratzen gara: Neskatilez mintzatuz, bihurria eta nortasun handikoa.