Press "Enter" to skip to content

Kategoria: Berriak

Zer dakigu ardoaz? Gaur Esti Besarekin hizketan

Gaurko ttirriki ttarrakan ardoaz arituko gara, hain zuzen, Candido Besako Estirekin. Eskuernagan dute bodega eta ardo ekologikoan oinarria. Berarekin arabar errioxaz, elikadura burujabetzaz, feminismoaz eta beste hainbat gairen inguruan arituko gara. Izan ere, badirudi modan jarri dela eskutan kopa hartu eta han edo hemengo ardoen gainean ezpainak bustiz ezpainak dantzan jartzea. Ba al dakigu ordea, nola egiten den ardoa, nongoak diren, zein diren euren ezaugarriak…? Ea ba gaurkoan zerbait gehiago ikasten dugun Estirekin. On egin!!!

Sagar haundiaren bila

Gaurkoan hirukote pintoresko bat datorkigu irratsaiora. 2017ko abenduan, Willy Fog esatariarekin batera, Iker Lizarriturri, Unax Nogales eta Joxean Del Rey New York hiria ezagutzera joan ziren Estatu Batuetara.

Bidaia benetan gogoangarria burutu zuen laukoteak, eta bertan igarotako 12 egunen jarraipen bat egiteaz gain, batez ere hiri miresgarri honetan gertatu ziren anekdota sinestezin eta barregarriak pilatzen saiatuko gara.

Beti bezala 21:30tatik aurrera Arraio Irratian zuzen-zuzenean!

Saskibaloiko neskak, hondartzako futbola eta honen inguruko solasaldia biharko saioan

Kaixo entzule maite!

Biharko saioan saskibaloiko neskak izango ditugu berriz ere gela arroxean. Azken partida Easo taldearen aurka irabazi ostean sailkapeneko lehendabiziko postuan kokatu dira igoera faseari ezin hobeto ekiteko. Beraz, azken partida garrantzitsu hori eta jarraian datorren igoera faseaz arituko gara beraiekin.

Honetaz gain hondartzako futbola edo plaieroak ere errepasatuko ditugu. Igandean, emakumezkoek fase erregularreko azken partida jokatu zuten eta gizonezkoek final laurdenak izan zituzten jokoan. Gai honi loturik, ez dugu aipatu gabe utziko Arraio Irratiaren 13. urteurrena girotze aldera, bertako saio ezberdinok antolatu ditugun ekimenak. Urteak dira gure saioan hondartzako futbola edo plaieroen jarraipena egiten dugula. Aurten 75. ekitaldiaren harira talde gehiagok eman dute izena txapelketan baina azken urteotan joera aurkakoa izan da. Iaz emakumezkoen liga desagertzear egon zen eta gizonezkoetan badira zenbait talde urtemuga honengatik jarraitu , berriz hasi edo sortu direnak. Bestetik hondartzako futbol txapelketa antolatzen ari direnek ere errelebo bat behar dela adierazi dute. Honen guztiaren inguruan informazioa biltzeko galdetegi bat bidali diegu par hartzaile zein antolatzaileei. Hortaz, martxoaren 16an plaieroen gaur egungo egoera zein etorkizunak arituko gara. Bertan parte hartzeko gonbidatzen ditugu gaur egungo zein lehenago aritu diren jokalariak, epaileak, antolatzaileak eta zaletuak.

13 urtez, Arraioz(a)harro!

Bai, zaharragoak eta harroagoak gara arraiokideok. Zergatik sinetsi zahartzea txarra dela? Nork erabaki zuen hamahiruak zorte txarra ematen duela? Hamahirugarren urteurren honetan, inoiz baino bihurriago gaudenez hautsak eta uhinak harrotuko ditugu!

Ikasturte hau oparoa izaten ari da: 9 irratsaio ditugu entzungai (musika, gaurkotasuna, kirola, elkarrizketak, bidaiak, bertsoak, feminismoa, euskara, jasangarritasuna, ekologia…) eta 35-bat kide gabiltza informatzen, pentsarazten, isilaraziei ahotsa ematen, bestelako musika eskaintzen…. Harro egoteko arrazoirik ez zaigu falta, hortaz.

Irrati librea gara, autogestionatua, euskalduna, bizimodu kapitalista eta heteropatriarkarra irauli nahi dituena. Gure helburua eragitea da; pasibo nahi gaituzten arren, ez gara! Besterik badago, besterik egin dezakegu. Eta horretan ari gara, bestelako bide hori eraikitzen.

Oraindik ezagutzen ez bagaituzu, egin aproba, piztu irratia, sintonizatu FMko 99.3a; Zarautzen ez ezik, Oriotik hasi eta Ondarruko portuko ranpiraino entzun gaitzakezue. Eta interneten ere bagaude,www.arraio.eus web-orrian, edo Euskal Herriko Irrati Libre eta komunitarioen Arrosa sarean ere bai (www.arrosasarea.eus).

Eskerrik asko, noski, orain arte entzun gaituzuen guztioi, etorri zareten guztioi, lagundu duzuenoi. Irratiak hitz egiteko balio du, bai, baina entzuten ez bada, zentzurik ez du. Horregatik guztiagatik, aurtengo urteurrena ere zuekin guztiekin ospatu nahi dugu. Izan ere, xedeak eta balioak argi ditugu, eta horien artean dago zuek, gure entzuleak zaindu eta gozaraztea; arraiokideok gozatzen dugun bezainbeste, ahal bada.

Martxoak 16, larunbata. Plaieroen inguruko solasaldia Zarautz Kirol Elkartean 11:00etan.

Martxoak 21, osteguna. Ahoztar Zelaietaraen La trama del 4% Putzuzulo gaztetxean 18:30ean.

Martxoak 24, igandea. Gipuzkoa Bertsotan, girotze saioa Putzuzulo gaztetxean 17:00etan.

Martxoak 27, asteazkena. Mahai-ingurua: Euskara sexista eta ez sexista Modelo aretoan 19:00etan.

Apirilak 4, osteguna. Sendabelarrak Sara Letamendiarekin Merkatu Plazan 19:00etan.

Apirilak 26, ostirala
. Gipuzkoa Bertsotan, berotze saioa Putzuzulo gaztetxean.