Dagoeneko 21 aldiz esan dugu berdina, baina ez gara nekatuko, ez horixe: hemen dator Arraio irratiaren denboraldi berriko programazioa!
Aurtengoan gainera nobedade batzuk badakartzagu gure uhin askeak sintonizatuko dituztenetzat. Esate baterako irratsaio berri bat, Beatzitako ohian, sorgin laborategitik irtendako Manu Doktorearen istorioak irauliko dituen saioa, edota herritarren playlistak, Zarauzko hainbat herritarrek egingiko musika tarteak (bat egin nahi?). Zarauzko ludotekarekin elkarlanean haiek ekiotzitako irratsaio bat ere eskeiniko dugu. Gure saioek ere izango dituzte aldaketak, hala nola, Galdedebalde hilabetean behin izango da Hiruputzuko eskenatokitik formatu berri batean eta PatIyoko atzuek eguna aldatuko dute, asteazkenetara. Saio beteranoek hortxe diraute uhinetara itsasirik: ZarataZarautz, Izerditan blai eta Ahuntzaren Gauerdiko Eztula. Orokietako txikiek ere euren tartea mantentzen dute, fin-fin, asteartetik ostiralera 13:00etan.
Aste barruan, eguna iparraldeko Euskal irratiek elkarlanean egiten duten Goiz berri informatiboarekin hasiko dugu, ondoren Eguzki irratiko Pasealekuk izango da eguerdirarte eta 16:00etatik 18:00etara Arrosa sareak ekoizten duen Zebrabidea magazina ere zuzenean emitituko dugu. Ondoren Arrosa sareko irratsaioekin osatuko dugu gure eskeintza, Euskal Herri osoko irrati libreen laguntzarekin, haien saioak eta baita hainbat podcast gure frekuentziatik emitituz. Arraio irratiak grabatu dituen kontzertuek bere tartea izaten jarraituko dute ostegun iluntzetan eta asteko irratsaioren bat galdu baduzu, lasai, larunbat goizetan gure saioen errepikapenak izango dituzu entzungai. Igande goizak etxeko txikienentzat izango dira, Gaur ez dago eskolarik saiorekin hasi eta haurrentzako abesti zein ipuinez gozatzeko aukera izango delarik eguerdirarte.
Denboraldi berri bat aurkeztera gatoz adimen eta faxista ez hain artifizialen garai hauetan. Berri faltsuak, manipulazioak, muntaiak… betiko desinformazioa alegia, geroz eta hedatuago, sutilago eta normalizatuago duguna eta oinarrizko kritikotasuna galtzera eramaten ari dena. Arraio irratian komunikazio prozesua beste era batekoa izan behar dela sinisten eta gauzatzen dugu: komunikazio aske eta horizontala, parte hartzailea eta elkarlanean oinarritzen dena. Ez gara gure herrian gertatzen denarekiko itsu, gor edo mutu, horregatik gure mikro eta ahotsek beste inon kontatzen ez den hori xuxurlatuko dizute belarrira. FMko 99.3ko seinalearekin bat egitean konturatuko zara, adibidez, beste inon entzungo ez duzun musika entzungo duzula. Gurekin eta guretaz, barre egiteaz gain, seguru zure hurbilekoren bat gela arroxera etorri dela auskalo zer kontatzera edota ziur zerbait berria deskubritzen duzula ezagutzen ez zenuen errealitate bati buruz hizketan entzutean.
Testuinguru ilun honetan argitasun pixkat sortu nahian , 21. denboraldi hau aurkezteko ikuskizun berezi bat eskeiniko dugu datorren azaroaren 6an. Urte batzuez Arraio irratian makina bat saio egina den Imanol Epeldek bere azken lanaren emanaldi bat eskeiniko du Hiruputzu Gaztetxean. “Zerbait sartu zait begian” gaueko 22:00etan hasiko da, baina ateak 21:00etarako irekiak izango dira (emanaldian barra itxiko da, lasai, ondoren ireki ;). Gure entzule guztiak, eta oraindik ez direnak ere, denboraldi hasiera honetara gonbidatzen zaituztegu ikuskizun berezi honetaz elkarrekin gozatzera.
Amaitzeko, irratsaio, podcast, playlist… edo zerbait egiteko gogoz bazara, edo gure uhin askeetatik zerbait esateko duzula uste baduzu, uxatu zalantzak eta jarri gurekin harremanetan. Etor zaitez gure estudioaren magia dastatzera. Hiruputzu gaztetxean gaude fisikoki, interneten arraio.eus atarian eta uhinetan, aske, 99.3 FMan.

Be First to Comment