Press "Enter" to skip to content

Hilabetea: maiatza 2026

Playeroko ligako finalistak!

Kaixo entzule maite!

zer moduz? Gaurkoan 20 urte bete dira Arraio irratian berriz ere FMko uhinak astintzeari ekin zionetik. 1985ean hasitako abentura harri jarraipen berri bat ematen gabiltza geroztik.

Egun borobil hau ospatzeko zer hobea playerotako finalistekin mahai inguru bat egitea baino? Pasa den larunbateko partidak gogoratuko ditugu beraiekin 20.00tatik aurrera Arraio irratian, FMko 99.3an!!

20 + 20 = 99.3


1985. urtean Patxiku kalean señale bat piztu zen FMko 88.20an. Herriko kale eta etxeetan zehar azkar hedatu zen, burbuila bat bezala. Eta halaxe lehertu zen urte zoragarri batzuen ondoren. Ibilbide motza izan zuen arren utzitako arrastoa sakona izan zen eta hala ere denbora asko igaro behar izan zen berriz ere zarautzen irrati libre bat martxan izateko.

Hain zuzen ere, 20 urte beranduago, 2006an Putzuzulo gaztetxearen okupazioan bertan egin zuen berragerpena Arraio irratiak, eta ordutik ixildu gabe aritu da, oraingo honetan FMko 99.3an. 20 urte igaro ziren 80. hamarkadako Arraio irratia berriz jaiotzeko eta ordutik 20 urte bete ditu airean.
Urteurren berezi honetan ibilbide guzti honen parte izan direnak elkartu nahi izan ditugu eta haiekin batera ospatu gure urtebetetzea, garai zaharrak oroituz. Putzuzulo amets fabrikan gure ametsak egi bilakatu ziren eta bertan berpiztu eta gorpuztu zen Arraio irratia. Hango gela arroxean irratsaio bat egitearen sorginkeria dastatu dutenek badakite zeri buruz ari garen. Gure historia errepasatu dugu eta baita gure iragan hurruna ere. Nondik gatozen gogoratu dugu eta gaur egun hemen jarraitzen badugu behar bati erantzuten diogulako da, askatasunez komunikatzeko beharrari. Zerbait esateko dagoen bitartean gure mikroak hor izango direlako.


80.hamarkadako eta gaur egungo baliabideak ezberdinak izan arren, eta garaiak ere, ideiak eta filosofiak oso antzekoak izaten jarraitzen dute gaur egun: asanblada eta autogestioa. Elkarlanean, borondatez, egunez egun, urtez urte, lan asko eginez gauzatu den proiektu bat da Arraio irratia. Pertsona askok haien zatitxo bat edo gehiago utzi dute gela arroxean, gertaera errepikaezinak bizi izan dira bertan, ezusteko edo konplizitate ugariren sorleku ere bilakatu izan da gure estudioa. Zenbat ordu igaro ote ditugu bertan! 50 bat irratsaiok elkarbanatu dute espazio aske hau urte hauetan eta guztiek oroitzen dute bertan igarotako une gogoangarriren bat.
Hala ere beti izan dira zailtasunak irrati libreen izaera aitortua eta errespetatua izateko. Agintarien borondatearen arabera erabakitzen da gure emisio eskubidea batzuetan, bestetan diruaren legeak agintzen du, ezberdinak izango balira. Hauei aurre eginez bizi gara irrati libreak, haien gainetik dagoelako adierazpen askatasuna. Gainera, azken urteetan beste mota batzuetako zailtasunei ere aurre egin behar izan die irratiak berak medio bezala, eta hortarako streagming eta podcast bezalako hitzak gehitu behar izan dira irratiaren hiztegira, irratia entzuteko moduaren eraldaketa adierazteko.
20 urte hauek eman diguten esperientzia eta indarra baliatuz aurrera darraigu FMko 99.3an. Gure uhinen bidez zabaltzen diren edukiak Euskal Herrikoak dira gehien bat, Arrosa sarearen partaide garenez bertako irratiek eskeintzen dituzten irratsaioak emititzen ditugu, batzuk zuzenean, adibidez goizetan aktualitatea jarraituz iparraldetik eta baita arratsaldetan elkarlanean ekoitzitako Zebrabidea magazina ere. Parrillan gai edo arlo ezberdinetako saioak aurkituko dituzue. Baina guzti honen gainetik, noski, gure irratsaioak, hauexek dira megahertzioei arima jartzen dieten bereizgarriak, zuen afalorduak girotzen dituzten konpañia atseginak edo nahieran entzuteko dituzuen saioak. Hau gutxi balitz, guk geuk grabatu ditugun kontzertuen emisio bereziak, umeentzako txokoa, podcast euskaldun batzuk eta, nola ez, gure hari musikala, eguna alaitzen duen DJa. Sintonizatzen duzunean ohartuko zara.


“Entzun gaitzazu, etzara damutuko gero” zioen gure lehen soinu deietako batek. Baina ez gara entzuteko bakarrik, irrati libreok gure mikroak bezala gure ateak ere irekiak ditugu adierazteko zerbait duenarentzat. Gure estudiora edota asanbladatara etortzeko gonbita luzatzen diegu herritarrei. Irratsaio, podcast edo zerbait egiteko gogoekin bazaude badakizu non gauden, Hiruputzu gaztetxean. Ahotsik ez dutenen ahotsa izateko jaio ziren irrati libreak eta gaur egun ere hala izaten jarraitzen du, gure uhinek orma guztiak igarotzen baidituzte.


Mila esker bihotzez proiektu honen parte izan eta zareten guztioi. Ematen diguzuen energiarekin elikatzen dira gure uhin askeak eta zuen etxeetaraino iristen dira bueltan, zuen belarrien gozagarri. Jarrai dezagun beste 20 urtez Arraio irratia entzuten eta egiten! Gora Arraio, redio!

Udalerri euskaldunen atzerakada gelditzeko UEMAk aurkezturiko 10 neurri urgenteak

Iepakaixou ia denoi!

Gaurkoan, maiatzaren 17an, UEMAko kideak etorri zaizkigu gure gela arroxera. Atzo bertan aurkeztu zituzten udalerri euskaldunen atzerakada gekditzeko urgentziaz hartu beharreko 10 neurriak aztertu ditugu, baina askoz gehiagoz ere aritu gara. Euskararen egoera larria zergatik den ulertzeko hainbat gako partekatu ditugu eta aurre begira egin beharrekoez ere mintzagai izan dugu.

Entzun ezazue!