Press "Enter" to skip to content

ZU gure SU, PutzuZUlotik SUkaldera. Arraio Irratiak 14 urte!

Gure uhinak libre dira, geure ahotsak uhinetan doaz libre, baina behar dute non aterpetu, non lurreratu. PutzuZUlo izan da gure lekua, gure oinarria, handik airera jauzi egin eta geure uhinak hegan zabaltzeko. Desalojatu eta konfinatu ezin diren uhin horien bidez, zuen SUkalderaino iritsi gara 14 urtez. Eta hantxe jarraitu nahi dugu, sutondoan nola, irratiaren bueltan lagunak, familiak, maitaleak eta kideak elkartuz. ZU baitzara gure SUa, irratia gure sutondoa. Ahotsa emango diegu isilaraziei, esan ezin den hori esaten jarraituko dugu, beste inon entzungo ez duzuna eskaintzen, sukaldeko su txikiaren gainean egosiko dugulako iraultzarik handiena.

Konfinamenduak etxean harrapatuta iritsi gara hamalaugarren urteurrenera. Egoera zail honetan, orain arteko itxialdiari aurre egin eta gai izan gara zuen belarriak goxatzen jarraitzeko; FMko 99.3 frekuentzia askean nahiz arraio.eus webgunetik ere emititzen jarraitu dugu. Etxetik aritu behar izan dugu oraingoan, hain maite dugun gela arrosa utzita, baina jarraitu dugu zuen sukaldeetara iristen. Eta hori da gure bermea. Gure maitasuna, borondatea eta jarduna ezin direlako ez konfinatu, ez desalojatu, ez isolatu.

Gu ez gara edonor, izan ere. Bagara nor. Hamalaugarren urteurren honetan, bederatzi saio sortzen ditugu Zarautzen bertan, Ikastola eta Orokietako ikasle zein irakasleekin elkarlanean. Arrosa irrati sarean batuta, gainera, Euskal Herri osoko saioak partekatzen ditugu, gure territorio libreak euskaraz eta uhinekin marraztuz.

Hori guztia asanblean oinarritutako borondatezko lanari esker egiten dugu, beste inoren interesen menpeko izan gabe, publizitaterik gabe, autogestioa oinarri hartuz, egin ezazu zuk zeuk filosofiari jarraituz: bakarrik ezin da, lagunekin bai! Herriaren ahotsa eta elkarlana dira gure lanabes eta galbahe bakarrak. Zu zeu, alegia.

Gure ahotsik ez litzateke inon entzungo zuk ez bazenu irratirik piztuko. Zeu ere bazara irratigile, entzuten gaituzun bakoitzean egiten duzulako Arraio zeuk ere. Hutsean ez baitute oihartzunik egiten uhinek, behar dutelako oinarri bat herrian, aterpe bat belarrietan, sutondo bat bizimodu gero eta hotzago honetan.

Aipatutako guztiagatik, eta irrati libreen suak piztuta jarrai dezan, ezin dugu Arraioren 14. urteurrena ospatu gabe utzi. Egitarau ederra genuen antolaturik, baina “larrialdi” egoerak erabat baldintzatu gaitu gu ere, eta moldatu egin behar izan dugu. Horregatik, deialdi berezia egin nahiko genuke: datorren maiatzaren 20an, asteazkena, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, Arraio Irratia sintonizatzeko; irratsaio berezia egingo baitugu. Deia luzatu nahi diegu zarauzko Auzo elkarte guztiei, baita urte luze hauetan ahotsa eman diegun herriko hainbat eragileri ere; eta nola ez, 14 urte hauetan Arraiokide izan diren lagun guztiei ere bai. Guztiok parte hartzeko moduko irratsaioa izango da maiatzaren 20koa eta, konfinamendu-garai hauetan, balkoietan musika jartzen airtu zareten herritarroi eskatu nahi dizuegu, datorren maiatzaren 20an, zuen bafleetatik, Arraio Irratiaren 14. urteurreneko irratsaio berezia jar dezazuen, herri osoan entzun dadin gure frekuentzia askea.

Besterik gabe, eskerrak emanez agurtzen gara oraingoan. Eskerrak, urte hauetan guztietan gure sutondoan egon zaretenoi, gure uhin askeen berotasunera hurbildu zaretenoi, zuek zarete gure su. Beste 14 urtez elkar berotzen jarrai dezagun, gora Arraio, redio!

Be First to Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude