Atzo Putzuzulo Gaztetxean izan zen X. Kopla Txapelketa entzungai duzue iada. Gau osoan zehar FM eta internet bidez emititzen jardun ostean, entzungai duzue osorik txapelketa. Laster ikus-entzunezkoa ere egina egotea espero dugu.(Testu eta irudiak Zarauzko Hitzatik hartuak).

Xabier eta Martin Etxeberria anaiek gidatu zuten txapelketa, baina iazko sevillana jantziak alboratuta, goardia zibilez mozorrotuta igo ziren oholtzara. Hamar “susmagarri” zituztela azaldu zieten gaztetxera hurbildu zen jende anadanari. Alegia, txapelketan lehiatu ziren hamar bertsolariak: Igor Elortza, Sustrai Colina, Asier Azpiroz, Iratxe Ibarra, Ortzi Murua, Eneritz Artetxe, Unai Agirre, Malen Amenabar, eta Markel Eizagirre eta Andoni Egaña zarauztarrak.

IMG_1012

Ohi bezala, Putzuzulo goraino bete zen, bertso nahiz jai giro aparta sortuz. Oihuak, txaloak eta animoak ez ziren falta izan, baita kopla zirikatzaileak eta txantxatiak ere. Zuzeneko musikarien laguntzarekin batzuetan, eta ikuslearen koruekin besteetan, bertsolariak fin aritu ziren ekitaldian; betiere, 3 minutuko denbora mugaren barruan., lan bakoitzean.

Hasieran guztiek egin zuten kantuan, eta ikusleak sei bertsolari hautatu zituen boto bidez bigarren faserako. Colina, Elortza, Agirre, Artetxe, Eizagirre eta Egaña sailkatu ziren, eta hortik, beste behin ere publikoak hala erabakita, Egañak eta Artetxek izan zuten buruz burukoa jokatzeko aukera. Kartzelako gairako Txoria nintzela abestia jarri zieten, bide batez Manolo Urbietari omenaldia eginez.

IMG_0826

Azkenean, zarauztarrari egokitu zioten garailearen zintzarria, eta agurreko bertsoan argi utzi nahi izan zuen nori eskaini nahi zion garaikurra: “Gaurko zintzarria da Manolorena”.

« »