Press "Enter" to skip to content

Hilabetea: ekaina 2012

Arraio Irratia oporretara doa!!

Zarauzko Arraio Irratia oporretara doa San Pelaioen ostean. Gure programazioko irratsaio ia denak jai hartuko dute udan eta irailean itzuliko dira gehienak. Hala ere badira oraindik ere gure uhin libreetan kaka ematen jarraitzeko gogoz daudenak. Udan zehar esaterako, ZarataZarauzko kideak belarriak zulatzen jarraitzeko asmoa azaldu dute asteartero bezala. Kaiolatik saioa ere muxu elektronikoak bidaltzen ibiliko da datozen hilabeteetan eta ZirriMarrakoek ere uztailean zehar egingo dute saioa. Gainontzean, baliteke saio bereziren bat izatea udan eta webgunearen bidez esango dizuegu.

Bestalde, programazioa oporretan egongo bada ere, lan dezente dugu egiteko gure gela arroxean. Irailera begira, irratia berritu asmoz gabiltza eta obratxo batzuk egingo ditugu bertan. Honez gain, antena leku aldatzekotan gabiltza gure seinalea handitu eta hobetu asmoz. Honekin, Zarautzen entzuteaz gain, inguruko herri batzuetan ere emititzea espero dugu, dena ongi badoa.

Irailean sorpresa berri gehiagorekin itzuliko gara, baina bitartean FMko 99.3an edo internet bidez entzun gaitzazkezue.

Daniel Rex gaur Kaiolatik saioan!!!

Kaixo lagunok, gaurkoan Daniel Rex-en debuta izango da Kaiolatik-en. Aspalditik gabiltza aditu hau ekarri nahian, baina gaur arte itxaron behar izan dugu. Musika fina jartzeaz gain, Daniel Rex-ek elektronika munduko hainbat bitxikeri kontatuko dizkigu. Galdu egingo duzu???

 

Uztailaren 26an amaituko da Highway 9-ren ibilbidea Arraio Irratian

Arratsalde on arraiokide guztiei. Udako oporrak iritsi dira askorentzat, baina Highway 9k jo eta su jarraituko du uztailean atzerriko rock musika onena eskaintzen, ostegunero legez.  Ordutegi berria izango dugu, hori bai: 19:30etan hasi beharrean, datorren astetik aurrera, 20:00etan hasiko dugu saioa. Horrenbestez, zuen ondoan egongo gara uda partean, musikaz disfrutatzen.

Baina tamalez, iragartzea batere gustoko ez dugun berri batekin gatoz: Ikasketa kontuak direla-eta, datorren denboraldian ezingo dugu Highway 9 saioarekin jarraitu. Hiru urte egon gara Putzuzuloko gela arrosetik emititzen; 70 saio, 3.500 minutu zuzen-zuzenean eta 500 abesti baino gehiago. Zifrak ez dira kaxkarrak, eta pozik gaude egin dugun lanarekin. Gure bi pasioak nahastu ditugu, irratia eta musika, eta hau izan da emaitza.

Baina pena ematen digun arren, oraindik bost saio geratzen zaizkigu, eta sekulako festa egingo dugu atal bakoitzean. Atzoko, gaurko eta biharko kantak entzuten jarraituko dugu, betiko moduan, musikaz gozatzen, eta irratiak beharrezko dituen soinuak berreskuratzen.

Ez galdu Highway 9! Gaurkoan: Ximena Sariñana, Norah Jones, We Are Standard eta M. Ward. 19:30etan! Ez galdu!

Sonar-en inguruan arituko gara gure erreportariekin!!!

Iepa kaixo!!! Ba bai, lehengo astean ez genuen lortu beraiekin hitz egitea baina gaurkoan gure koba arroxera etorriko zaizkigu Kaiolatik-eko erreportariak, Hamar Dozena, Lizarriturri eta Danel Rex alegia. Lehengo asteburuan ospatu zen aurtengo Sonar-a Bartzelonan, eta gutxi gora behera han ikusitakoa kontatuko digute, eta bertan ezagutu duten musika jarri. Ba hoixe, betiko orduan eta betiko lekuan, Up the kaiols!!!!

 

Zirrimarrak: konkista aitzineko konkista

 

Apa lagunok!

Aste honetan ere badugu zer kontatu. Ez beti kontatu diguten bezala, guk kontatu nahi dugun bezala baizik. Asisko Urmenetak gogoratu zigun, pasa den asteleheneko zine-forumean, Sarrionandiak esana: “Historia, etorkizunerako ditugun planen arabera ulertzen da”. “Gartxot: konkista aitzineko konkista” filma aurkeztera etorri, eta istorio honen atzean dagoen historia ikasi ahal izan genuen. Bere hitzak bilduta, filme eder honen inguruan jardungo gara Zirri eta Marra. Eta nola ez, filme eder honek erakusten digun historia gordinaren inguruan. Gure Historiaren inguruan, letra larriz idazterik badago.

[youtube]http://www.youtube.com/watch?v=W7PsQtgNKP0[/youtube]

Ohi bezala, etorkizuneko historia izan litezkeen berri, artikulu eta abarrak ere izango ditugu noski! Badakizue, asteazkenero bezala, 21:45tan Arraio Irratian! FM 99.3! Eta errepikapena ostegunean, 15:00etatik aurrera. Ez galdu!