Press "Enter" to skip to content

Kategoria: Presio Heltzea

Erabakitze eskubideaz eta burujabetza ekonomikoaz Presio Heltzea

Astelehenean eta 20:00etatik aurrera Presio Heltzea irratsaio berri bat edukiko dugu. Oraingoan, Zarahitz herri ekimenak Zarauzko Antoniano aretoan antolturiko “Erabakitze eskubidea eta burujabetza ekonomikoa” hitzaldia edukiko duze entzungai.

Bertan, LAB sindikatuko Ainhoa Etxaide eta ELA-ko Joseba Villarreal eduki genituen, Imanol Murua kazetariaren gidaritzapean.

Hamaika entzuteko jaioak gara!

Hamaika ikusteko jaioak garela dio esaerak, baina Zarautzen buelta eman diogu esamoldeari; irakurri, irakurri: Hamaika irratsaio, hamaika ahots, hamaika ideia… Eta guztiek gure bizitzako azken hamaika urte hauek eta uhinetako 99.3 FMa okupatu dituzte. Hamaika entzuteko jaioak gara, beraz.
Denbora horretan, hamaika partaide eta herritar igaro dira arrosa koloreko gela ezagunetik, baina oraindik ere, gogotsu gaude beste hainbesteri harrera egiteko. Eta ziur gaude fideltasun osoz jarraitzen gaituzten entzuleak ere iritzi berekoak direla.
Orain arteko ibilbidea ospatzeko eta gure entzuleei merezitako gorazarrea egiteko, egitarau mardula antolatu dugu maiatz honetarako. Dena den, jarraian, ideia egiten joateko lehenengo hitzorduak dauzkazue:

MAIATZAK 12, 22:30ean: SOFA eta RUKULAren kontzertuak.
MAIATZAK 16, 19:00etan: Leire Ibargurenen “Laura esaten zioten. Miren Odriozolaren borrokak” liburuaren aurkezpena.
MAIATZAK 18, 19:00etan: Justo Arriolaren “A los pies del caballo” liburuaren aurkezpena eta hitzaldia.

Baina, horiez gain, maiatza bukatu bitarte, hainbat ekitaldi izango dira, beraz, adi agendari!
Guk, gure aldetik, lanean jarraituko dugu sinesten dugun proiektu hau elikatzen eta, beti bezala, ateak zabalik daukazue zuen ideiak uhinetara zabaltzeko.
Hortaz, segi ezazue Arraio irrati librea entzuten eta ea horrela beste hamaika entzuten ditugun! (gutxienez)

Erabakitze eskubidea eta Feminismoa Presio Heltzea irratsaioan

Gaurko Presio Heltzea irratsaioan, 20_00etatik aurrera, Zarahitz Herri Ekimenak antolaturiko “Gure gorputza, gure Herria, gure erabakia” hitzaldia entzuteko aukera edukiko duzue.

Bertan, Samara Velte kazetariaren gidaritzapean, Arantza Arruti militante feminista eta Edurne Epelde Bilgune Feministako kidea izan genituen.

Palestinara begira Presio Heltzean

Presio Heltzea irratsaioan Palestinara begira jatriko gara. Askapenak Orioko Salatxo aretoan antolaturiko hitzaldi bat erabiliko dugu horretarako. Bertan Palestinan egondako brigadista bat eduki genuen bere esperientzia kontatzen eta hau dena zatitu dugu ordubeteko irratsaioan. Saioa, astelehenean, gaueko 20:00etatik aurrera edukiko duze entzungai.

Maiatzaren 27an TXIMAS CONCERT omenaldi jaialdia egingo dugu.

Apunta ezazue Maiatzaren 27ko data, potente dator eta. Arraio Irratiaren 11 urteko ibilbidea Maiatzaren 20 batean hasi zen baina 27an ospatuko dugu aurtengoan, beste ekitaldi batzuk tarteko direla. Esan bezala Maiatzaren 20 batean, OK Korral taldeak eman zuen kontzertuan ateratako diruarekin lehen emisorea erosi eta FM-z emititzen hasi ginen, 99.3an. Hasiera bikaina Irrati Librearentzat. Bertan, Lou Olangua eduki genuen, OK Korraleko abeslaria. Arraioren 8. urteurrenean, Putzuzulon bertan omenaldia egin genion, lagun artean, bera joan zitzaigun eta.

Oraingoan, Xabier Laskibar “Tximas”-i tokatzen zaio. Lehen esandako OK Korralen kontzertu horretan bateria jo zuen. Orain, eta beste behin ere, lagun artean gogoratuko dugu rock eta blues doinuekin, Lourekin egin genuen bezala. Pariak Bai, Bluestock, Arakajun, Kiowak, Javier Sun, Alligaitors, The Ribbons… eta bai, OK Korral ere bertan izango dira omenaldian.

Sorpresa gehiago ere prestatuak ditugu egun horretarako, baina 27ra arte denbora dugu oraindik. Oraingoz, aspaldian gordetako bideo txiki batekin utziko zaituztegu. Las Lagartas taldearen abesti batzuekin, Lou buru dela. Esan bezala, Maiatzaren 27an sorpresa gehiago izango dira…