Category: Kosta Kasta


Bai, zaharragoak eta harroagoak gara arraiokideok. Zergatik sinetsi zahartzea txarra dela? Nork erabaki zuen hamahiruak zorte txarra ematen duela? Hamahirugarren urteurren honetan, inoiz baino bihurriago gaudenez hautsak eta uhinak harrotuko ditugu!

Ikasturte hau oparoa izaten ari da: 9 irratsaio ditugu entzungai (musika, gaurkotasuna, kirola, elkarrizketak, bidaiak, bertsoak, feminismoa, euskara, jasangarritasuna, ekologia…) eta 35-bat kide gabiltza informatzen, pentsarazten, isilaraziei ahotsa ematen, bestelako musika eskaintzen…. Harro egoteko arrazoirik ez zaigu falta, hortaz.

Irrati librea gara, autogestionatua, euskalduna, bizimodu kapitalista eta heteropatriarkarra irauli nahi dituena. Gure helburua eragitea da; pasibo nahi gaituzten arren, ez gara! Besterik badago, besterik egin dezakegu. Eta horretan ari gara, bestelako bide hori eraikitzen.

Oraindik ezagutzen ez bagaituzu, egin aproba, piztu irratia, sintonizatu FMko 99.3a; Zarautzen ez ezik, Oriotik hasi eta Ondarruko portuko ranpiraino entzun gaitzakezue. Eta interneten ere bagaude,www.arraio.eus web-orrian, edo Euskal Herriko Irrati Libre eta komunitarioen Arrosa sarean ere bai (www.arrosasarea.eus).

Eskerrik asko, noski, orain arte entzun gaituzuen guztioi, etorri zareten guztioi, lagundu duzuenoi. Irratiak hitz egiteko balio du, bai, baina entzuten ez bada, zentzurik ez du. Horregatik guztiagatik, aurtengo urteurrena ere zuekin guztiekin ospatu nahi dugu. Izan ere, xedeak eta balioak argi ditugu, eta horien artean dago zuek, gure entzuleak zaindu eta gozaraztea; arraiokideok gozatzen dugun bezainbeste, ahal bada.

Martxoak 16, larunbata. Plaieroen inguruko solasaldia Zarautz Kirol Elkartean 11:00etan.

Martxoak 21, osteguna. Ahoztar Zelaietaraen La trama del 4% Putzuzulo gaztetxean 18:30ean.

Martxoak 24, igandea. Gipuzkoa Bertsotan, girotze saioa Putzuzulo gaztetxean 17:00etan.

Martxoak 27, asteazkena. Mahai-ingurua: Euskara sexista eta ez sexista Modelo aretoan 19:00etan.

Apirilak 4, osteguna. Sendabelarrak Sara Letamendiarekin Merkatu Plazan 19:00etan.

Apirilak 26, ostirala
. Gipuzkoa Bertsotan, berotze saioa Putzuzulo gaztetxean.

Kaixo entzule maiteok!
Badator otsaileko Kosta Kasta irratsaioa! Gaur, Ikastolako DBH 4. mailako ikasleok gure bosgarren saioa emitituko dugu Arraio Irratiko uhin hauetatik! Oraingoan, hainbat kontu izango dugu mintzagai. Hasteko, martxoak 8ko greba feministaren inguruan arituko gara eta kalera aterako gara iritziak entzuera. Kmk-tako atalean, erropa lan-taldeko Jaione Peña eta Arantxa Iturria elkarrizketatuko ditugu, eta elkarrizketekin jarraituz, Joxepo Teresekin ere elkartu gara bere ibilbidearen nondik norakoen berri izateko. Hortaz gain, kirolen atalean emakumezkoen futbola ekarriko dugu irratira eta amaitzeko, ihauterietarako mozorro proposame batzuk emango dizkizuegu! Tartean, zozketa ere izango da, noski!
Gogoratu, gaur, iluntzeko 19:00etan Kosta Kasta Arraio Irratian!
Piztu 99.3 fm!
Instagram: @kostakasta
Zuzenean ezin baduzu entzun, irratsaioa webgunean entzugai izango duzu:
Kaixo entzule maiteok!
Hemen gatoz berriz ere Kosta Kastako irratsaioarekin Ikastolako DBH4. mailako ikasleak! 2019ko urteko lehen irratsaio honetan, elkarrizketa interesgarriak izango ditugu entzungai! Besteak beste, Kilometroak antolatzen ari diren ikuskizun lan taldeko Fernando Rojo eta Mertxe Isasti, Euskadiko torneoan parte hartu duten gure ikaskide Maddi Usandizaga eta Aimar Unanue eta Ikastolako lehen ikasle kintako Mireia Arruti eta Joxan Elola. Hortaz gain, neguko solstizioaren inguruan ere arituko gara eta hilabetero bezala, Kosta Kastako zozketa paregabean parte hartzeko aukera izango duzue!
Gogoratu, bihar asteazkena, urtarrilak 30, iluntzeko 19:00etan Kosta Kasta Arraio Irratian!
Piztu 99.3 fm!
Zuzenean ezin baduzu entzun, irratsaioa webgunean entzugai izango duzu:
Kaixo Kosta Kastako entzule!
Gaur, abenduak 26, gabonetako irratsaioa emitituko dugu, iluntzeko 19:00etan 99.3 fm-an!
Asteazken honetan, hainbat gai ezberdinen inguruan arituko gara. Alde batetik, ordutegi jarraiaren alde Ikastolan inkesta bat egin duten DBH2ko Aitor Zubiaurre eta Unai Uria elkarrizketatu ditugu. Hortaz gain, Ikastolako lehen irakasleak izan ziren Jone Olaizona eta Begoña Arrizabalagarekin egoteko aukera izan dugu, eta Ikastolaren sorrerako abenturak kontatu dizkigute. Kilometroen atalean, logoa sortu duen Eva Azkue izan dugu eta kirolen atalean, berriz, DBH3ko Ugazi Manterola eskubaloiko jokalari apartak bisitatu gaitu. Oraingoan, Josu eta Unaxek Gabonen inguruan hitz egingo digute eta azkenik, abenduak 3an Ikastolan egin zen festan grabatutako bertso eta abestiak izango dituzue entzungai! Guzti horren tartean, nola ez, hileroko zozketa ere egingo dugu!
Gabon ederrak pasa eta urte berri on!
Bagatoz berriz ere Ikastolako DBH 4. mailako ikasleak zuen belarrietara!!! Hilebete honen azken asteazkenean, azaroak 28, iluntzeko 19:00etan KOSTA KASTAren 2. irratsaioa entzungai izango duzue!
Oraingoan, euskaraldiko koordinatzaile den Rita Aldabaldetrekurekin izan gara eta horren harira iaz Kataluniatik gurera etorri zen Alex Dicenta ikaslea ere elkarrizketatu dugu. Kirolen atalean azken emaitzak emateaz gain, Adur Amatriain surflari eta ikaskidearekin izan gara. Bestalde, azaroak 25 emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako eguna zela eta kalera atera ginen iritzi ezberdinak jasotzera. Azaroak 22ko Santa Xexilia eguna ere gogoan izan dugu eta amaitzeko, kilometrotako koordinatzaile Nerea Altxuk azken berriak kontatu dizkigu. Adi ibili, zozketa ere ez da faltako eta!
Mila esker!
Powered by WordPress & Web Design Company
[ Back to top ]