Category: Highway9


Zarauzko Arraio Irratia oporretara doa San Pelaioen ostean. Gure programazioko irratsaio ia denak jai hartuko dute udan eta irailean itzuliko dira gehienak. Hala ere badira oraindik ere gure uhin libreetan kaka ematen jarraitzeko gogoz daudenak. Udan zehar esaterako, ZarataZarauzko kideak belarriak zulatzen jarraitzeko asmoa azaldu dute asteartero bezala. Kaiolatik saioa ere muxu elektronikoak bidaltzen ibiliko da datozen hilabeteetan eta ZirriMarrakoek ere uztailean zehar egingo dute saioa. Gainontzean, baliteke saio bereziren bat izatea udan eta webgunearen bidez esango dizuegu.

Bestalde, programazioa oporretan egongo bada ere, lan dezente dugu egiteko gure gela arroxean. Irailera begira, irratia berritu asmoz gabiltza eta obratxo batzuk egingo ditugu bertan. Honez gain, antena leku aldatzekotan gabiltza gure seinalea handitu eta hobetu asmoz. Honekin, Zarautzen entzuteaz gain, inguruko herri batzuetan ere emititzea espero dugu, dena ongi badoa.

Irailean sorpresa berri gehiagorekin itzuliko gara, baina bitartean FMko 99.3an edo internet bidez entzun gaitzazkezue.

2012ko otsailaren 2a, osteguna

Indarberrituta. Halaxe itzuli gara Highway 9 saiokoak Arraio Irratia. Gure playlist luzeak berritzen eman ditugu azken asteak, eta lan askoren ondoren, prest gaude mikrofonoen aurrean jarri eta bidean topatutako abestiak 99.3 dialaren uhinetan zabaltzeko. Datozen hilabeteetan, inoiz ez bezala, atzerriko rock musikaren lerroartea sakontasunez irakurriko dugu. Asko dagoelako irakurtzeko, ikasteko eta zuei kontatzeko. Hori da Highway9ren zentzua, eta hala izaten jarraituko du aurten ere bai. Istorioak, kondairak, zurru-murruak eta atzoko eta gaurko ahots handi eta txikiak. Denek izango dute tartea gurean.

Urteko lehen saioa indarrez hasteko, aurkezpenik behar ez duten taldeak izango ditugu Highway 9n: Nirvana, REM, Oasis eta Fleet Foxes, besteak beste. Ez ahaztu! Ostegunero, 19:30ean, Highway 9 Arraio Irratian!

[youtube]http://www.youtube.com/watch?v=DrQRS40OKNE&ob=av2e[/youtube]

Indie musika. Batzuentzat musika, artea eta eguneroko bizitza ulertzeko terminologia da. Beste askorentzat, ordea, moda komertzial bati erreferentzia egiteko marketing asmakuntza bat. Iritziak iritzi direla, ez dago ‘indie musika’ bezain beste maitale eta aurkako dituen musika estilorik. Askok estilo bat ote den ere galdetzen diote beren buruari. Baina ez dago inplako zalantzarik baieztapen batean: estilo hau existitu edo ez, orijinala ala moda soil bat izan ala ez, hizki larriz idatzitako talde, abeslari eta kanta asko errotu dituela.

Gaurko Highway 9 saioan unibertso lausotu honen barne egingo dugu, eta besteak beste, Arcade Fire (argazkian), We Are Standard, Cut Copy eta Vetusta Morla izango ditugu gurean. Ostegunean, arratsaldeko 19:30etatik aurrera, Arraio Irratian. Ez galdu!

http://www.youtube.com/watch?v=OJJAph67fMs&feature=related

Arraio Irratiko kideek, udazken eta negurako prestatu dugun programazio berria aurkeztuko dugu larunbat honetan, Kuadrila egunean.

Nobedade askorekin dator gure programazio berria. Lehena, gure irratsaio propioen kopurua igo egin da. Ohiko saioez gain, Zirrimarra irratsaio berri bat hasi dugu asteazkenetan, Izerditan Blai saioaren ondoren.

Honez gain, gure saioen errepikapenei garrantzi handia eman nahi izan diegu eta astelehenetik ostiralera, arratsaldez ere errepikapen hauek entzun ahalko dira, Info7ko albistegiaren ostean. Larunbatetan ere, gure saioen errepikapenak entzun ahalko dira.

Gainontzean, beti bezala, beste irrati libreetako saioekin osatu dugu programazioa. Goizetan ohikoak diren Kale Gorrian (Info7) eta Suelta La Olla (Hala Bedi) irratsaioak entzun ahalko dira. Bertxoko, Kaleko Bentanie, Munduko Sustraiak, Hegoaldeko Ostatua Jokoa Bai eta Zarauzko erbesteratu bat parte den ADesalambrar saioak ere gurean jarraituko dute.

Nobedade bezala, Zintzilik Irratiko Matxura Buruan…, Kaleko Mobida, Zuria Beltzez (Hala Bedi), Gazte Zaparrada (Gure irratia) eta Mar de Fuegitos (Tas-Tas) ditugu.

Amaitzeko, beste Zarauztar batek Info7 irratian hilean behin egiten duten Uhaina Bikaina saioa ere gurean entzungo da.

Lerro hauen bidez, Arraio Irratia sintonizatzeko gonbita luzatzen dizuegu, bai FMko 99.3an eta baita internet bidez. Eta edonork irratsaio bat egiteko edo irratian kolaboratzeko gogoz bada, gure ateak zabalik dituela ere gehitu nahi dugu.

Kitto. Maletak egin eta bagoaz. Highway 9 irratsaioak agur esango dio bere bigarren denboraldiari gaur arratsaldean. Horretarako, musika eta lagun giroa izango ditugu bidailagun.

Arratsaldeko zortzietatik aurrera, primerako saio batez gozatzeko aukera izango du entzuleak. Udara ate joka dabilela, sorpresa berezi berezi bat izango degu Arraio Irratian: zuzeneko musika. Eli Huegun izango dugu gurekin, Gipuzkoako Kantu Txapelketako finalista. Aukera paregabea irratian gutxitan entzuten den luxu batekin batera gozatzeko!

Ez galdu! 20:00etatik aurrera 99.3an edo www.arraio.net-en!

Powered by WordPress & Web Design Company
[ Back to top ]