Press "Enter" to skip to content

Kategoria: Atalka

Bihar, Kitzika saioaren estreinaldi mundiala izango da!

Zer da erotika? Zer ulertzen dugu hitz hori entzutean?

Galdera horri erantzuteko, kalera irten gara jendearen iritzia galdetzera. Bestalde, greziar klasikora bidaiatuko dugu, eta desirek gure jendartean izan eta duten lekua ere aztertuko dugu.

Hori nahikoa ez, eta zinema erotikoaren historia, musika aukeraketa zaindua eta fikzioak izango dira entzungai gure lehenengo saioan.

Hortaz, Kim eta Pam nor garen jakin nahi baduzu, ez galdu biharko zita, 21:00etatik aurrera, Arraio irratian, 99.3 FMn.

 

Aurtengo programazioa aurkeztuko dugu larunbat honetan

2017-2018ko programazioa aurkeztuko dugu larunbat honetan Arraio Irratia osatzen dugun kideok. Putzuzulo Gaztetxearen urteurreneko ekitaldiarekin bat egingo dugu gainera.

Goizeko 11:00etatik 14:00etara irratsaio berezia egingo dugu FM eta internet bidez eta desobedientziaren kantubirarekin ere bat egingo dugu.

Berrikuntzekin dator irratiaren programazio berria. Esaterako, aurten bi saio berri ekoitziko ditu Arraiok, Kitzika irratsaioa eta Bapateko Unibertsoa irratsaioak hain zuzen ere.

Agurrak ere izango ditugu. Kaiolatik irratsaioak esaterako, agur esan digu 11 urteren ostean. AGUR ETA OHORE KAIOLATIK. Bolloenea irratsaioak ere ez du jarraituko.

Baina programazio berriaren nondik norakoak, esan bezala, larunbatean 11:00etatik aurrera edukiko duzue entzungai.

Kaxubiarren eskola mintzagai, Atalkan

Kaxubiarrak Poloniako iparraldeko Pomerania eskualdean bizi dira, eta kaxubieraz mintzatzen dira. Eslaviar hizkuntza gutxitu bat da, eskualdeko hizkuntza gisa aitortua dagoen bakarra Polonian. 108.000 hiztun ditu; orotara, 240.000 lagunek osatzen dute kaxubiarren komunitatea. Berriki kaxubierazko lehen eskola ireki dute, eta Maialen Sobrino baztandarra gonbidatu dugu haren inguruko informazioa gertutik ezagutzeko. Euskaldunek eta kaxubiarrek duten harreman estua ere azalduko digu Sobrinok.

Elkarrizketa ez ezik, berrikuntzak ere izango ditu gure saioak. Jakinaren gainean jartzeko, hori bai, entzun saioa! 21:15ean entzungo dugu elkar!

Atalkariok bueltan gara, denboraldi berria gogoz hasteko prest!

Aurtengoan berrikuntzekin gatoz, betiko saioez gain ahots berriak eta gai berriak entzuteko aukera izango baita Atalkan.

ZINEMA ITSUAn Marlene eta Louise elkarrekin arituko dira berriz ere. Zineaz eta arte honek dakartzan bitxikeriez hitz egingo digute, beti ere soinu banden laguntzaz.

Belarriak astintzeko aukera ere izango da Lopandere eta M.A.ren eskutik GORKEYAn. Hainbat estilo eta garaitako emakume taldeen istorioak eta abestiak zuengana heltzeaz arduratuko dira.

ELKARRIZKETA saioa ez da faltako.  Gai ezberdinei buruzko elkarrizketa eta solasaldiak entzuteko aukera ezin hobea.

Azkenik, KITZIKAN saio berrian, Kim eta Pam.en eskutik  erotikaren mundu zabala ezagutzeko aukera izango  dugu. Kanpoan geratzen diren desira, edota  normetatik at dauden  praktikei buruz arituko zaizkigu. Eta noizean behin kontaketa erotikoak izango dituzue entzungai, gauak goxo goxo amaitzeko.

Ostegunero izango gaituzue gela arroxetik zuzen zuzenean.

Arraio Irratiko 99.3an!!!