Press "Enter" to skip to content

Hilabetea: apirila 2017

Maiatzaren 27an TXIMAS CONCERT omenaldi jaialdia egingo dugu.

Apunta ezazue Maiatzaren 27ko data, potente dator eta. Arraio Irratiaren 11 urteko ibilbidea Maiatzaren 20 batean hasi zen baina 27an ospatuko dugu aurtengoan, beste ekitaldi batzuk tarteko direla. Esan bezala Maiatzaren 20 batean, OK Korral taldeak eman zuen kontzertuan ateratako diruarekin lehen emisorea erosi eta FM-z emititzen hasi ginen, 99.3an. Hasiera bikaina Irrati Librearentzat. Bertan, Lou Olangua eduki genuen, OK Korraleko abeslaria. Arraioren 8. urteurrenean, Putzuzulon bertan omenaldia egin genion, lagun artean, bera joan zitzaigun eta.

Oraingoan, Xabier Laskibar “Tximas”-i tokatzen zaio. Lehen esandako OK Korralen kontzertu horretan bateria jo zuen. Orain, eta beste behin ere, lagun artean gogoratuko dugu rock eta blues doinuekin, Lourekin egin genuen bezala. Pariak Bai, Bluestock, Arakajun, Kiowak, Javier Sun, Alligaitors, The Ribbons… eta bai, OK Korral ere bertan izango dira omenaldian.

Sorpresa gehiago ere prestatuak ditugu egun horretarako, baina 27ra arte denbora dugu oraindik. Oraingoz, aspaldian gordetako bideo txiki batekin utziko zaituztegu. Las Lagartas taldearen abesti batzuekin, Lou buru dela. Esan bezala, Maiatzaren 27an sorpresa gehiago izango dira…

Gure armak ez ditugu utziko

Gaurkoan ZAD (Zona a defender) izango dugu hizpide. Nantes inguruan aurkitzen den lur sail okupatua.
Urteak dira aereoportu bat eraiki nahian daudela, projektu honek dituen ondorio guztiekin.
Bertako jendarteak ez du beharrezko ikusten eta projektu honen aurka lur saila hau okupatu eta bizitza sortzen ari dira. Kontu guzti hauen inguruan solastuko gara Hartzea (Euslkal herria zuzenean) lagunarekin.
Eta noski, atzoko eguna ere solasgai izanen dugu. Historikoa bezain berria.
Armagabetze prozesu berri baten aurrean aurkitu gara, ezinbestean. Herritik Gobernu ezberdinak mugitu arazteraino.
Hau dena eta beste hainbat kontu… 21’etatik aurrera

Z.A.D.-en inguruko Presio Heltzea irratsaioa

Zone A Defendre” edo Z.A.D. bezala ezagutzen den eremu okupatuan jardungo gara Presio Heltzean. Askapenak, Zarauzko Putzuzulo Gaztetxean antolaturiko 2017ko brigaden aurkezpenean burutu zen hitzaldi bat erabiliko dugu. Bertan bi Euskal Herritar izan genituen eremu hau bisitatzen eta beraien esperientzia kontatu ziguten. Gogoratu irratsaioa, astelehenean, arratsaldeko 20:00etatik aurrera entzun ahalko duzuela.

Lapurretak izan ditugu

Irratian eta Gaztetxean lapurretan sartu dira azken aldian eta komunikatu bat atera dugu:

Herri lasaitzat dugu Zarautz. Baina, azken aldian, batetik eta bestetik entzun dugu lapurreta asko izan direla: etxeetan sartu direla, elkarteetan, hainbeste diru eraman dutela, goizez izan dela, gauez, inor ez zegoenean, etxeko jabeak bertan zeudenean… Eta azken hilabetean gaztetxera ere, Putzuzulo Amets fabrikara, iritsi dira lapurretak. Putzuzulora eta Arraio irratira. Bi hilabetean, bi aldiz.

Ez da lehen aldia horrelako erasoak pairatzen dituguna; izan ere, hamaika urte hauetan hainbatetan sartu dira herriaren mesedetan jartzen dugun material kolektiboa zein borondatez egiten dugun lanari esker ateratzen dugun dirua lapurtzera.

Salatu izan dugu publikoki beste batzuetan, baina gaurkoan ere behar hori sentitzen dugu. Batetik, herrian gertatu direnak salatu nahi ditugu; langileriaren artean lapurretan ibiltzea beti iruditu zaigu doilorra. Tristura eragiten digu ikusteak elkarri lapurtzen diogula eta leialtasun eta elkartasun zipitzik ez dugula. Barre egingo dute, ederki, diru publikoarekin jolasean aritzen direnek zein bankuetan diru gose infinituarekin ebasten ari direnek. Bestetik, gure etxean gertatu dena jakinarazi nahi dugu; proiektu kolektibo bati lapurtzea are eta zitalagoa deritzogu. Saiatzen gara herritar ororentzat lan egiten, baliabide eskasekin aurrera egiten. Zuk zeuk egin filosofía jarraitzen dugu, gure gaitasunean eta boterean sinesten dugulako. Justizia sozialaren eta bizitza duinen alde lan egiten dugu errotikako aldaketa desio dugulako eta gure ingurua eta herritarrak maite ditugulako. Eta horren ordainean, besteak beste, horrelako erasoak jasotzen ditugu.

Ez dugu gezurrik esango. Gu ere sentitu gara kontrola eta segurtasunaren ideiak seduzituta. Makina bat estrategia pentsatu ditugu etxea lapurretatik eta bestelako erasoetatik salbu uzteko. Askotan otu zaigu lapurrak harrapatzeko kontrola indartzea. Baina segurtasuna ez dugu kontrolarekin lotzen eta, jakin badakigu bereizkeria egoerak areagotu direlako gertatzen direla horrelakoak.

Horregatik, lapurretak salatzeaz gain, gure arteko zaintza eta aldaketa sozialaren aldeko borroka berretsi nahi ditugu. Elkartasun sareak indartzen jarraitu behar dugu edozein erasori aurre egiteko ahalmena ematen baitigute. Egoera honek elkarbizitzaren alde lan egitea eskatzen digu; gatazkak aitortzea eta berauek kudeatzen asmatzea eskatzen digu; besteekiko begirunea eskatzen digu; enpatia eskatzen digu, tolerantzia … Elkarrekin bizitzeaz gain, elkarren arteko konpromisoak eskatzen dizkigu.Ez da erraza izango. Baina orain arte ere ez da erraza izan.

Sartu nahi beste Putzuzulora, dugun altxorrik handiena ezin baituzue eraman”.