Arrosa Irrati sareko azken bileran, EAEko gobernua Ikus-entzunezko komunikazioari buruzko Dekretu proiektuaren inguruan hitzegin genuen eta zenbait ondorio atera ditugu, Arrosa Sarea osatzen dugun hainbat irratik.

Honen inguruan, Hala Bedi irratiko kide bat izan genuen hizketan, Info 7 irratian. Audioa entzun nahi baduzue, podcastean duzue. Arrosa Sarea osatzen dugun prentsa oharra ere hemen duzue jarraian:

ARROSA Irrati Sarea Euskal Herri osoko hogei irrati ingururen elkarlan proiektua da. Gehienak irrati txiki xamarrak eta maila lokalean edo ertainean (herria, eskualdea edota herrialdea) aritzen direnak. Iparraldean gauden Euskal Irratiek gure izaera komunitarioa onartua dugu eta lizentzia bidez lege barruan lan egiten dugu. Hegoaldean ordea gauzak bestelakoak dira, Arrosan parte hartzen dugun irratien gehiengo zabalak ez dugu FM uhinetan emititzeko baimenik, eta legeak orain arte ez du gure izaera onartu.

Euskal Autonomia Erkidegoan, Kultura Sailak irrati lizentzien inguruko Dekretu proiektua prestatu du. Dekretu horren bidez EAE-an 34 irrati lizentzia banatu nahi dira. Dekretu hau espainian 2010ean onartutako Ikusentzunezko Komunikazio Orokorreko legediaren “aplikazio autonomikoa” litzateke. Dekretu proiektu honek kezka eta ezinegona eragin du Arrosa osatzen dugun irratien artean.

Lehenik aipatzea, modu zuzenean eragingo digun Dekretu proiektu hau prestatu bitartean Eusko Jaurlaritzako inor ez dela urteetan lan egiten ari garen irrati komunitario (edo libreekin) eta euskaldunekin kontaktuan jarri gure iritzia entzun edo gure ekarpenak jasotzeko.

Dekretua irakurriz argi ikusten da euskera alboratzen dela eta ez zaiola dagokion esparrua uzten. Euskerazko irratientzat gordetzen diren lizentziak gutxi dira eta euskerazko irrati proiekturik ez bada aurkezten, erdal irratiek hartzen dituzte gordetako lizentzia horiek. Gaur egun dugun dialaren okupazioa ikusirik, euskarazko irratien aldeko banaketa konpentsatua egin beharko litzateke, hau da, gaur daukagun dial ia erabat erdaldunean euskarazko irratiei bidea ireki. Bestetik, euskera ez da betebehartzat hartzen eta erdara hutsean emitituko duten irratiei ez zaie gutxieneko euskarazko portzentairik eskatuko. Euskal kulturaren adierazle diren euskarazko abestientzat ere ez dago gutxieneko portzentairik.

Irrati komunitarioen figura onartzen da, baina normaltasunez lan eta emititzeko ez zaizkio biderik irekitzen. Banatu behar diren 34 lizentzietatik bakar bat ere ez da irrati komunitarioentzat gorde. Lizentzia banaketa honetan parte hartu nahi izanez gero, irrati komunitarioak irrati komertzialen baldintza berberekin lehiatzera derrigortzen ditu. Honek praktikan irrati txiki komunitarioek estatu mailako kate komertzial erraldoien aurrean babesgabe eta inolako aukerarik gabe uzten ditu.

Irratien lan komunitario eta hurbileko albisteen jarraipena ez dira kontutan hartzen. Irrati komunitarioak, lekuan lekuko elkarte, udal eta herritarrekin kontaktu zuzena dute, gertuko informazioa bildu eta zabaltzen dute, entzuleekiko gertutasun handia lortuz. Herritarrek komunikabide hauetan parte hartzeko aukera dute, komunikazio alorrean protagonistak bilakatuz. Dekretuan lan herritar hau ez da baloratzen, irrati kate handiek inork baino aukera gehiago edukiz lizentziak lortzeko.

Lehiaketan parte hartuko duten irratien proiektuak alderatzeko Balorazio Mahaia egongo da. Bertan parte hartuko dutenen artean ez da euskalgintza, unibertsitateko kazetaritza fakultate edo irrati komunitarioetan eskarmendu frogatua duten pertsonarik aipatzen. Ez aipatzen ere, lizentzia banaketa ondoren aurkeztutako proiektuen bilakaera egiaztatzeko Jarraipen Batzorderik.

Dekretuaren analisiari bukaera emateko, aipatu Dekretu proiektuak zigor eta itxierak aurreikusten dituela. Nahiz eta arau horiek aplikatuko diren jakin ez -orain ere ilegalitate egoeran bait gaude- irratien artean arrazoizko kezka zabaldu du.

Hau ikusirik, Arrosa Irrati Sarean ezinbestekotzat jo dugu Dekretuari alegazioak egitea, goian aipatutako puntu guzti horietan gure proposamenak eginez. Dekretu proiektu hau aldatu ezean, gaur egun dugun irrati dial erdaldun, monolitiko eta komertziala indartuko dela uste dugu.

Laburbilduz esan dezakegu Dekretu proiektu honek handiak saritu eta txikiak zigortzen dituela. Euskera zokoratzen du, irrati komunitarioei ez zaie biderik irekitzen, herritarren komunikazio eta informatua izateko eskubidea ez du bermatzen, aniztasun ideologiko eta kulturala murrizten du, irrati txikiak irrati kate handiekin lehiatzera behartzen ditu eta ez du baloratzen Euskal Herrian urteetan lan egiten ari garen irratien esperientzia ugari eta anitzak.

2011ko martxoaren 7a, Arrosa Irrati Sarea

Irrati partehartzaileak: Antxeta, Arraio, Arrakala, Gure, Hala Bedi, Info7, Irulegi, Koska, Matrallako, Molotoff, Oiartzun, Tas-Tas, Txapa,, Txolarre, Uhinak, Xiberoko Botza, Xorroxin eta Zintzilik.

« »