Press "Enter" to skip to content

Kategoria: Kontzertuak

Putzuzuloko Kopla txapelketa Arraio Irratiaren bitartez entzun ahalko da

Hamar urte igaro dira Zarauzko Kopla Txapelketa estreinekoz egin zenetik, eta harrezkero, ezinbesteko hitzordua bihurtu da bertsozaleen artean. Aurtengo ekitaldia ere prest dute antolatzaileek: abenduaren 16an jokatuko da txapelketa, Putzuzulo gaztetxean, 22:00etan hasita.

koplak

Hamar bertsolarik hartuko dute parte:
Igor Elortza (2015ko Zintzarriaren irabazlea)
Sustrai Colina
Asier Azpiroz
Iratxe Ibarra
Ortzi Murua
Eneritz Artetxe
Unai Agirre
Andoni Egaña
Nerea Ibarzabal
Markel Eizagirre

Gai jartzaile lanetan, iaz bezala, Martin eta Xabier Etxeberria anaiak ariko dira. Gogoratu, aurten ere, Arraio Irratiak zuzenean emitituko duela txapelketa, FM bidez eta baita internetez ere. Eta bide batez, aurreko urtekoa osorik ikusi nahi baduzue…

Josu Guitarrek emandako kontzertua entzungai duzue

Atzo Josu Guitar bakarlariaren kontzertua eduki genuen Zarauzko Arrano tabernan, Arranopola kultur taldeak antolatuta. Kojon prieto y los huajalotes, Refugiados edota The Covers (Zarauzko beste artista handiekin batera) taldeetan kontrabaxujole bezala esperientzia handia pilaturiko musikaria dugu Josu eta atzo bakarka ibili zitzaigun plazan. Arraio Irratia bertan izan zen kontzertua grabatzen, eta jarraian entzungai duzue.

josuguitar

10. urteurrena ospatzeko festa berezia

Arraio Irratiaren 10. urteurrenari amaiera bikain bat emateko, sekulako egitaraua antolatu dugu larunbat honetarako, Maiatzaren 28rako.

Goizean hasiko gara, Maiatzaren 14ean egin ezin izan genuen irratsaio bereziarekin. Goizeko 10:30etatik herriko leku ezberdinetan izango gara saioa egiten.

irrati mobila(1)

Honen ostean, bazkaria prestatu dugu Putzuzulo Gaztetxean. Bertan gainera, 10 urte hauetan irratian ibili diren partaideak biltzen saiatzen ari gara. Honez gain, etorri nahi duen edonork tiketak salgai ditu oraindik Eguzki, Arrano eta Mauka tabernetan. Bixi ibili!!!

Bazkalostean, Sozaya orketa-gizonaren emanaldi berezia edukiko dugu. Eta atsaldean txarangarekin herriko kaletatik ibiliko gara.

Gauerako berriz, eta gaueko 22:30etatik aurrera, Skasti eta Blue Beans Zarauztar taldeen kontzertua edukiko dugu. Eta gauari amaiera emateko berriz, DJ Kepoi edukiko dugu musika dantzagarri apur batekin.


Ekiza eta Keshala Putzuzulon

Arraio Irratiaren 10. urteurreneko ekitaldien baitan, kontzertu akustikoa edukiko dugu ostiralean, Zarauzko Putzuzulo Gaztetxean.Bertan, Ekiza eta Keshala taldearen emanaldia izango da.

ekizakhesala

Iurgi Ekiza, Willis Drummond taldeko abeslaria dugu. 2016an, bakarkako ibilbideari ekin eta diska kaleratu zuen Bidehuts Etxehuts zigiluarekin. Keshala berriz, Larrabetzutik datorren laukote akustikoa da, lehen aldiz izango dira Zarautzen. Kontzertua 22:30etan izango da, 5 euroren truke.