Press "Enter" to skip to content

Egilea: Isuo

Post-rockari buruzko lehen salda entzungai

Aupa Arraioko entzule finok!!

Astelehen honetan Post-rockari buruz egin genuen Salda Badago irratsaioa, eta korronte musikal honetako talderik esanguratsuenak ekarri genituen FMko 99.3ra, gure Arraio Irrati maitera. Harro egoteko moduan dira Slint, Tortoise, Explosions in the sky, Godspeed you! black emperor eta Do Make Say Think taldeak, beraien musikak hain urrun eginak izanagatik gure uhinetaraino heldu baitira. Ezin du edozein taldek esan Arraio Irratian pintxatu dutenik, eta hauek lortu dute musika jotzen hasten den edozein kakanarruren ametsa.

Bejondaiela!

Saio hau hemen entzun dezakezu

Zirrimarrak: Durangoko azoka eta KTX12

Gaur irratsaio berezia entzun ahal izango duzue Arraion gaueko 10etatik aurrera. Zirri Gasteiz aldera bidali dute korrespontsal lanak egitera, beraz Marraren bakarkako debuta izango da gaurkoan. Bakarrik egingo denez hain ohikoa ez den erretransmisioa izango da, baina ez edukinik gabea:

Gai orokorrak, pasa den asteburuan Durangon izan den azoka eta ostiral honetan Putzuzulon izango dugun Kopla Txapelketa izango dira. Zuzeneko elkarrizketak egingo ditugu telefonoz. Gogoratu ostiral honetarako Kopla Txapelketarako 2 sarrera bikoitz zozketatuko ditugula gure lehiaketako asmatzaileen artean.

Baina bi gai hauez gain bestelako perlak eskaintzen ere saiatuko gara. Zirri eta Marraren arteko iraganeko bertso saio bateko ofizioa entzuteko parada izango dugu, eta “Zaindu maite duzun hori” abestiarekin politikoek egindako bertsioa ere ekarri nahi dugu geurera…         Ez galdu gaurkoa.

//

Pat Metheny-ri buruzko monografikoa Salda Badago-n

Aupa Saldazaleok!!

Iritsi da behingoz gure esatari konta-katiluak hainbestetan agindutako saioa. Pat Metheny handiari merezi duen gorazarrea egingo diogu bere ibilbide musikalari errepaso mardula emanez. Jazz munduan aski ezaguna da gure lagun Pat, molde zaharrak berritu eta beste estiloekin nahastuz egindako ekarpenak medio.

[vimeo]http://vimeo.com/26277837[/vimeo]

Bere kitarrarekin abesti ikaragarriak egin ditu urte askoan, bakarlari gisa zein taldean, baina baita astakeria handi xamarrak ere. Tartean disko esperimental zantarrak atera izan ditu, eta duela gutxi bira bat egin zuen robotez osaturiko orkestra bat zuela lagun. Guk bere musika maite dugu eta ergelkeria hauek ere barkatu egiten dizkiogu.

Beti bezela, astelehenean 22:00etan punttu-punttuan, salda bero-beroa.

Irratsaio hau hemen entzun dezakezu

Salda Badago: Irratsaio isila entzungai

Irratsaio isila egin genuen astelehenean, musika oso lasaia jartzeaz gain esataria ohi baino isilago egon baitzen. Mikel Laboaren heriotzaren laugarren urteurrenean bere kantu instrumental batzuk entzun genituen, Jabier Muguruzaren kontzertua gogoan bere diska berria aurkeztu, eta Maddi Oihenarti ere egin genion tartea. Aipaturiko Maddiren hitzaldia hemen duzue. Portzierto, iragarritako Isuoren kontzertua ostiralera atzeratu da. Ondo izan!!!

Irratsaio hau podcastean edo hemen entzungai duzue.

Desobedientzia Zibilari buruzko mahai-ingurua entzungai

Aupa Arraioko entzule finak!

AHTren aurkako baraualdi-jardunaldien baitan Donostian azaroaren 21ean mahai-inguru ederra antolatu zuten. Desobedientzia zibilari buruz proiektu ezberdinetako kideek beraien ikuspuntua eman zuten, eta solasaldi zabala eta interesgarria izan zen. Bertan izan ziren Edurne Elizondo kazetaria, Enrike Lopez EHUko irakasle kaleratua, Gorka Torre Bizi-Tokiko kidea, Bizi mugimenduko Jon eta Mattin, eta Ignacio Sanz KEM-MOC taldekoa. Arraio Irratia ere bertan izan zen eta fin grabatu zuen guztia.  Poscastean entzun dezakezue, edo hementxe. On egin!!!