Press "Enter" to skip to content

Egilea: arraio

Z.A.D.-en inguruko Presio Heltzea irratsaioa

Zone A Defendre” edo Z.A.D. bezala ezagutzen den eremu okupatuan jardungo gara Presio Heltzean. Askapenak, Zarauzko Putzuzulo Gaztetxean antolaturiko 2017ko brigaden aurkezpenean burutu zen hitzaldi bat erabiliko dugu. Bertan bi Euskal Herritar izan genituen eremu hau bisitatzen eta beraien esperientzia kontatu ziguten. Gogoratu irratsaioa, astelehenean, arratsaldeko 20:00etatik aurrera entzun ahalko duzuela.

Lapurretak izan ditugu

Irratian eta Gaztetxean lapurretan sartu dira azken aldian eta komunikatu bat atera dugu:

Herri lasaitzat dugu Zarautz. Baina, azken aldian, batetik eta bestetik entzun dugu lapurreta asko izan direla: etxeetan sartu direla, elkarteetan, hainbeste diru eraman dutela, goizez izan dela, gauez, inor ez zegoenean, etxeko jabeak bertan zeudenean… Eta azken hilabetean gaztetxera ere, Putzuzulo Amets fabrikara, iritsi dira lapurretak. Putzuzulora eta Arraio irratira. Bi hilabetean, bi aldiz.

Ez da lehen aldia horrelako erasoak pairatzen dituguna; izan ere, hamaika urte hauetan hainbatetan sartu dira herriaren mesedetan jartzen dugun material kolektiboa zein borondatez egiten dugun lanari esker ateratzen dugun dirua lapurtzera.

Salatu izan dugu publikoki beste batzuetan, baina gaurkoan ere behar hori sentitzen dugu. Batetik, herrian gertatu direnak salatu nahi ditugu; langileriaren artean lapurretan ibiltzea beti iruditu zaigu doilorra. Tristura eragiten digu ikusteak elkarri lapurtzen diogula eta leialtasun eta elkartasun zipitzik ez dugula. Barre egingo dute, ederki, diru publikoarekin jolasean aritzen direnek zein bankuetan diru gose infinituarekin ebasten ari direnek. Bestetik, gure etxean gertatu dena jakinarazi nahi dugu; proiektu kolektibo bati lapurtzea are eta zitalagoa deritzogu. Saiatzen gara herritar ororentzat lan egiten, baliabide eskasekin aurrera egiten. Zuk zeuk egin filosofía jarraitzen dugu, gure gaitasunean eta boterean sinesten dugulako. Justizia sozialaren eta bizitza duinen alde lan egiten dugu errotikako aldaketa desio dugulako eta gure ingurua eta herritarrak maite ditugulako. Eta horren ordainean, besteak beste, horrelako erasoak jasotzen ditugu.

Ez dugu gezurrik esango. Gu ere sentitu gara kontrola eta segurtasunaren ideiak seduzituta. Makina bat estrategia pentsatu ditugu etxea lapurretatik eta bestelako erasoetatik salbu uzteko. Askotan otu zaigu lapurrak harrapatzeko kontrola indartzea. Baina segurtasuna ez dugu kontrolarekin lotzen eta, jakin badakigu bereizkeria egoerak areagotu direlako gertatzen direla horrelakoak.

Horregatik, lapurretak salatzeaz gain, gure arteko zaintza eta aldaketa sozialaren aldeko borroka berretsi nahi ditugu. Elkartasun sareak indartzen jarraitu behar dugu edozein erasori aurre egiteko ahalmena ematen baitigute. Egoera honek elkarbizitzaren alde lan egitea eskatzen digu; gatazkak aitortzea eta berauek kudeatzen asmatzea eskatzen digu; besteekiko begirunea eskatzen digu; enpatia eskatzen digu, tolerantzia … Elkarrekin bizitzeaz gain, elkarren arteko konpromisoak eskatzen dizkigu.Ez da erraza izango. Baina orain arte ere ez da erraza izan.

Sartu nahi beste Putzuzulora, dugun altxorrik handiena ezin baituzue eraman”.

Armagabetzeari buruzko saio berezia Arraion

Euskal Irratiek saio berezia egingo dute datorren larunbatean burutuko den armagabetzeari buruzko deialdia dela eta. Ekitaldia ere emitituko dute eta Arraio Irratiak seinalea hartuko du larunbatean.

Euskal Irratietan bi irrati saio egingo dira zuzenean Baionatik. 09:00etatik aurrera zuzenean izango dira, seguraski 11:00ak arte, baina programazioa moldatuko duta beti aktualitatearen arabera, eta arratsaldean 15:00etako ekitaldia ere zuzenean emango dute.

Jabi Destruye gaurko ZarataZarautz irratsaioan

Gaurko ZarataZarautz irratsaioan Javi Destruyeren bisita edukiko dugu. Azken aldian Ezin Izan taldearen inguruan jardun genuen berarekin, taldeko abeslaria da eta. Oraingoan ordea, gustoko dituen abestiak jarriko ditu gurean. Gaueko 21:30etatik aurrera zita zaratatsua duzue Arraio irratian.

Jabirekin egin dugun irratsaioa entzungai duzue. Playlista berriz HEMEN.

Arabako Bertsolari txapelketako finala Arraio Irratian

Arabako Bertsolari txapelketako finala Arraio bidez entzun ahalko da. Hala Bedi irratiari seinalea hartuta, larunbatean emitituko dugu arratsaldeko 17:00etatik aurrera.

Larunbat honetan, Apirilaren 1ean, izango da Arabako Bertsolari Txapelketako final handia, Printzipal antzokian. Finalaurrekoetatik finalera pasatzeko sailkatu diren 6 bertsolariak lehian ikusteko aukera izango dugu asteburu honetan.

Oholtza gainean egongo dira Oihane Perea, Manex Agirre, Iñaki Viñaspre, Serapio Lopez, Xabi Igoa eta Asier Otamendi bertsolariak.