Press "Enter" to skip to content

Hilabetea: azaroa 2018

Azaroari errepasoa eta Martxel Aizpurua entzungai ttirriki-ttarrakan

Azaroari errepasoa eman diogu aste honetako irratsaioan, tartean, pinuak, hartzak eta artzainak, Prestige eta Flyschak, lurraren defentsan  errepresioaren datuak… eta beste hainbat kontu jorratzeaz gain, elkarrizketa nagusia Martxel Aizpurua erlezainarekin izan dugu. Egun erle eta erlauntzek bizi duten egoera aztertzeaz gain, eztigilearen ofizioa azaldu eta animatu ditu gazteak mundu harrigarri honetan parte hartzera. Honetaz gain, izan dugu gure kultura eta ohituretan  erleek zuten pisuaz ohartzeko  eta hainbat kontakizun jasotzeko aukera ere izan dugu, prentsa! erleei zuka egiten omen zaie beste animalia guztiei hika egiten zaien bitartean edo etxeko nagusia hiltzean, erletara joateko ohitura omen zen argizari gehiago egin zezaten eskatzeko… Honelako kontu ugari dituzue entzungai beraz aste honetako ttirriki-ttarraka(hankak lurrean) irratsaioan, eta badakizue lurraren zaleok zita bat duzuela ostegunero arraio irratian 19:30tatik 20:30ak arte.

Pura vida mae!

Oraingoan indarrez beteriko abentura batekin gatoz! Aste honetako gonbidatua ez da lehendabiziko aldiz motxila bizkarrean hartuta dabilela munduan barrena. Gaurkoan Maddi Lakunzak 2017an Costa Ricatik barrena egindako ibilbidea azalduko digu, nola ez denbora horretan izandako bizipen ezberdinek pisu handi bat izango dutelarik.

Prest zaudete oihan barruan murgiltzeko? Edo itsasoa gustukoago duzue? Abentura honetan denetik probatzeko aukera izango duzue. Sintonizatu Arraio Irratia eta begitazioa erabiliz une batean gure azaro hotzetik Ertamerikako berotara jauzi egingo dugu!!

Asteazkenero lez 21:30tatik aurrera zuekin izango gaituzue FMko 99.3an!

 

KOSTA KASTAren 2.IRRATSAIOA

Bagatoz berriz ere Ikastolako DBH 4. mailako ikasleak zuen belarrietara!!! Hilebete honen azken asteazkenean, azaroak 28, iluntzeko 19:00etan KOSTA KASTAren 2. irratsaioa entzungai izango duzue!
Oraingoan, euskaraldiko koordinatzaile den Rita Aldabaldetrekurekin izan gara eta horren harira iaz Kataluniatik gurera etorri zen Alex Dicenta ikaslea ere elkarrizketatu dugu. Kirolen atalean azken emaitzak emateaz gain, Adur Amatriain surflari eta ikaskidearekin izan gara. Bestalde, azaroak 25 emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako eguna zela eta kalera atera ginen iritzi ezberdinak jasotzera. Azaroak 22ko Santa Xexilia eguna ere gogoan izan dugu eta amaitzeko, kilometrotako koordinatzaile Nerea Altxuk azken berriak kontatu dizkigu. Adi ibili, zozketa ere ez da faltako eta!
Mila esker!

Martin Garate, Pagoeta Mendizale Elkarteko lehendakaria biharko saioan

Kaixo entzule maite!

Biharko saioan Martin Garatek egingo digu bixita gela arroxera. Bera, Pagoeta Mendizale Elkarteko lehendakaria dugu denez, 2018. urtea nola joan den errepasatuko dugu. Datorren urteari begira zein irteera aurreikusten diren ere galdegingo diogu. Honekin batera mendizaletasunak azken urtetan izan duen bilakaeraren inguruan ere arituko gara, etorkizuneko erronkak zeintzuk diren argitu asmoz.

Saioa amaitu baino lehen playeroen errepasoa egingo dugu, 5. jardunaldiak utzitako emaitzak zein sailkapenak aztertuz. Beraz, badakizu, ez hutsik egin eta sintonizatu Arraio irratia, asteazkenean 20.00tatik aurrera FMko 99.3an!!