Press "Enter" to skip to content

Ariola Kultur ekimenaren prentsa oharra

Ariola Kultur Ekimenak, abenduan egin zituzten jardunaldien balorazioa burutu dute eta Otsailaren 10ean Putzuzulo Gaztetxean egingo duten batzar irekiaren inguruan honako testu hau bidali digute:

Herriko kultur mugimendua saretzeko eta biziberritzeko asmoz sortu zen Ariola elkartea pausoak ematen ari da azken hilabeteotan. Joan den abenduan Ariola gauzatzen izeneko jardunaldiak egin zituzten, ehun lagun inguru bilduta. Bertan, ekarpen eta eztabaida interesgarri ugari entzuteko aukera izan zen, eta horrek aurrera jarraitzeko energia berria eman zien ariolakideei.

Orain, urte berriari ekiterakoan, Ariolak argi adierazi du bere egitasmoa gauzatzeko “espazio propio eta bakar bat izateko apustua” egingo duela aurrerantzean: “Uste dugu Zarautzek dituen azpiegituren kudeaketaren inguruan hitzegiteko beharra atera zela eta baita hauen demokratizazioa lortzeko apustua ere. Baina espazio propio eta bakar batek sortzen duen indar metaketa eta sortu ditzakeen sinergiak ez dira espazio anitzetan banatuta egoten lortzen”. Hori dela eta, 2012an urrats berriak emateko prestutasuna agertu du Ariolak: “Nahiz eta erabat finkatuta ez egon, espazioa lortzeko pausoak ematen hasi behar dugu, Udalarekin eta egon daitezkeen beste eragile kultural batzuekin negoziatzeko eta elkarlana abiatzeko”.

Asmo hori gauzatu dadin, kultur eredu berri bat sustatzen eta sustatu nahi duten komunitate edota sarea osatzen jarraitu beha dutela uste dute Ariolako kideek. “Ariola kultur ekimena ez da gutxi batzuen ekimena izango. Zarauzko eragile nagusiak biltzea lortu behar duen ekimena izan behar du, ekimen publikoa, irekia, adostasunean oinarrituta, babestua eta Zarauzko kultur politika biziberritzeko eta dauden azpiegiturak demokratizatzeko indar metaketa bat izan behar du”. Hari horri tiraka, etorkizuna itxaropentsu ikusten dute: “Ibilbide luze bezain polit baten hasieran besterik ez gaude. Bidean, arituz, gehiago harilkatuko gara!”.

Ariolako kideek Euskal Herriko hainbat kulturgune dituzte erreferentzia gis, eta horietako batzuk abenduko jardunaldietan izan ziren euren bizipenak eta proiektuak kontatzen. “Oso aberasgarria izan da besteen ibilbideak ezagutzea, eta Zarautzerako hainbat pista ere jaso genituen”. Datozen hilabeteotan, epe luzerako eta laburrerako helburuak uztartu behar dituztela nabamendu dute, baina argi utzi dute Ariolaren oinarrian dauden balioak mantenduko dituztela: elkarlana sustatuko duena, euskalduna eta euskaltzalea, zapalkuntza ororen kontrakoa, autonomoa, autegestionatua, dinamikoa, feminista, independientea, autokritikoa, intsumitua eta funtzionamendu ez hierarkikoa duena.

Honegatik guztiagatik, Ariolak batzar irekia antolatu du otsailaren 10erako. Putzuzulo gaztetxean, arratsaldeko 18:30ean. Herritar guztiak eta kultur eragileetako kideak gonbidatuta daude bertan parte hartzera.

EGUNA: Otsailaren 10a
ORDUA: 18:30
LEKUA: Putzuzulo gaztetxea

Besterik gabe, eskerrik asko.

[vimeo]http://vimeo.com/36043570[/vimeo]

One Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude