Press "Enter" to skip to content

Gurekin Jai-ren prentsa oharra

Iritsi zaigu iraila eta honekin batera euskal astea ere. Urtero bezala Gurekin Jai-k egitarau parte hartzailea osatu nahi izan du ostiraleko egun handirako. Aurten ere txosnak Arrona zaharreko parkinean izango ditugu eta eguerdiko 12tan irekiko dira. Bertan ordubiak aldera karroza lehiaketa izango dugu, herriko gazte eta helduek beraiek apaindutako karroak gerturatu eta desfile baten ondoren sari banaketa izango delarik. Ondoren gaztetxean egingo dugu bazkaria, bertan jan nahi duen orok izena eman dezala gaztetxean bertan. 7etan manifestazioa burutuko dugu musika plazatik txosnagunera “Gazteok independentzia eta sozialismoa” lemapean. Eguna ondo amaitzeko erromeri aparta izango dugu goizalderarte “Ingo al deu” taldearen eskutik, beraz badakizue Euskal Jai herrikoi parekide eta parte hartzaileaz gozatu nahi ezkero etorri txosnagunera.

Kontuan izan behar dugu dena ez dela festa izan azken egun hauetan. Aurten ere oztopo batzuk izan ditu eta hauek ezin ditugu salatu gabe utzi. Lehenik eta behin gure egitaraua aditzera emateko egin genuen kartelak hormetatik kenduak izan dira bertan izar bat eta Eduardo Chillidaren logotipo aski ezagun bat (amnistiarena) agertzen zirelako. Bi logotipo hauek ilegalak direla argudiatuz kartel gehiago ez jartzeko gomendioa jaso genuen edota bi marrazkiak tapatuta jartzeko. Gure ustez bi logo hauek guztiz zilegiak dira edozein karteletan agertzeko, eraso honen aurrean Gurekin Jai-k erabaki du karteletan agertzen diren beste logotipoak ere ezabatzea, ez baitugu onartzen bi marrazki horien ilegaltasuna. Bestetik ostiralean, txosnen irekiera egunean, estenatokian jarri zen pankartak ere amnistiaren marrazkia zeraman. Autoritateak ez zuen denbora asko behar izan dei bat egiteko, pankarta hori guk kendu ezean beraiek etorriko zirela esanaz. Istilurik ez gertatzeko guk jetsi genuen pankarta eta tapatu egin genuen. Gau bertan ere ertzainen autoa txosnagunera sartu zen bertakoen festagiroa zapuztuz. Astelehenean Patxwork-a zabaldu genuen lehortu asmoz, jakina da bertan agertzen diren argazkiak debekatuak izan direla baina tela zati hau zabaldu orduko berriz ere agertu ziren poliziak. Beste behin ere poliziaren presentzia itogarria izan da txosnagunean jasan ezina bilakatzeraino, edozein txikikeria nahikoa dute bertara gerturatu eta festa hauek antolatzen ari garenoi probokatzeko. Lerro hauen bitartez ozen salatu nahi ditugu gertaera hauek festak lasai eta patxadaz igarotzea nahi ditugu baina honelako errepresioarekin ezin dugu jarraitu. Ez dugu pelaiosanetako tentsio uneak errepikatzerik nahi, ez eta kaletik doazenak identifikatzea ere. Festaz gozatu nahi dugu gure aldarrikapenekin eta hemen ez ditugunak bertan izango bagenitu bezala sentitu debeku guztien gainetik.

Azkenik aurten lau txosna izango ditugula gogoratu nahi dugu, Gurekin Jai-en beste talde bat sartu zaigulako Zarauzko Arraun Elkartea hain zuzen. Oso garrantzitsua iruditzen zaigu ZAEk egin duen apustua, egoera ekonomikoak bultzatua herriko festetan parte hartze aktiboa izatera animatu da bertan egindako lanarekin zuloren bat estaltzeko asmoz. Honek argi erakusten du beste behin ere Gurekin Jai guztiz irekia dagoela beste edozein kirol talde, aisialdi talde edota gizarte eragileri. Denon artean jaiak herrikoiak , parekideak eta parte hartzaileak izaten jarraitzeko bidean ez izan erreparorik eta animatu zaitezte Gurekin Jai-en sartu eta festak antolatzen laguntzera.

Gurekin Jai

Be First to Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude