Press "Enter" to skip to content

Kategoria: Izerditan blai

Indar Unanue surflaria gaurko saioan

Kaixo entzule maite!

Gaurko saioan Indar Unanue surflari zarauztarra izango dugu gela arroxean. Orain pare bat aste Deban lehiatu zen Sorgiñetxe Big Wave erronka irabazi zuen, froga honetaz gain 2018rako dituen helburuen inguruan arituko gara, baita 2017ko lorpenez ere.

Honetaz gain playeroen 7. jardunaldia izango dute neskek eta mutilek 9.na, beraz, kiniela egitea tokatuko zaigu. Zuek ere badakizue, bertan parte hartzeko facebookeko gure horma bisitatu eta hor egin ahalko duzuela. Saioa beti bezala Arraio Irratian izango duzue entzungai 18.00tatik aurrera, FMko 99.3an!!

Kirola eta indarkeria matxista biharko saioan

Aste honetan jakin da AEB-ko gimnasia erritmikoko neskatoak bortxatzen zituen medikuaren sententzia. Aste honetan ere berriz atera da egunkarietan Nora Mork, Norbegiako eskubaloi jokalari apartaren mugikorra hackeatu ostean jasandako erasoa. Banan-banango kasuak iritsi arren komunikabide nagusietara, horren atzean arazo estruktural bat dagoela ez da ahaztu behar. Maila eta intentsitate ezberdineko erasoak daude egunerokoan eta hauen inguruan arituko gara biharko saioan. Gure saioa aberasteko Nagore Obriozolaren iritzia izango dugu audio grabazio bidez bada ere.

Gai mardul honetaz gain playeroetako nesken 6. jardunaldia eta mutilen 8.nak utzitako emaitzak aztertuko ditugu. Beti bezala Arraio Irratian, FMko 99.3an entzun ezin bada, sartu gure web orrian: www.arraio.eus

Jaime Urdanpilleta borrokalaria aste honetako saioan

Kaixo entzule maite!

Urte berriko lehendabiziko saioa egingo dugu ostiral honetan. Oraingoan iaz gurean izan behar zuen Jaime laguna etorriko zaigu gela arroxera. Gaixotasun bat medioa ezin izan zuen gurean izan, baina ostiral honetan, sasoi bete-betean gerturatuko zaigu. Berarekin kick-boxingaren inguruan gehiago jakiteko aukera izango dugu. Kirol honen inguruan askorik ez dakigunontzat saio interesgarria izango da, borroka mota honen inguruan gehiago jakiteko aukera izango dugu.

Honetaz gain igandean preso eta iheslarien giza eskubideen aldeko eskubaloi jardunaldia ospatu zenez honen inguruko aipu bat ere egingo dugu. Beti bezala saioa ostiralean 18.00tan Arraio Irratian, FMko 99.3an izango duzue entzungai, ez hutsik egin!

Aritzbatalde kiroldegian izango da 5. Preso eta iheslarien giza eskubideen aldeko eskubaloi txapelketa

Aurreko astean zalantzak sortu baziren ere jakin urtarrilaren 7an egingo den 5.Preso eta iheslarien giza eskubideen aldeko eskubaloi jardunaldia Araitzbatalde kiroldegian egingo dela. Dagoeneko parte hartzeko zerrendak itxiak dira eta orotara 16 taldek eman dute izena, gehiengoa zarauztarra den arren Zumaia, Egia eta Baztanetik ere animatu dira jardunaldi hauetan parte hartzera. Gogoratu parte hartzen ez duenarentzat bazkaritarako txartelak salgai daudela Arrano eta Eguzki tabernetan. Bertan ikusiko garelakoan ondo bukatu urtea eta hobeto hasi.

5. Preso eta Iheslarien Eskubideen Aldeko eskubaloi jardunaldia

Azken urteotako dinamikari jarraipena emanez, 5. Preso eta Iheslarien Eskubideen Aldeko eskubaloi jardunaldia ate joka dator. Orain dela hiru urte bezala, hau Zarautzen antolatzeko asmotan ari da biltzen lan-talde anitz bat. Urtarrilaren 7an, aldarrikapena, kirola eta festa uztartzea du helburu ekimenak. Hala ere, arrazoi teknikoen atzean ezkutatua, Udal-gobernua antolakuntza oztopatzen ari da, Aritzbatalde kiroldegiko pistaren erabilera momentuz ukatuz. Ekimenaren bultzatzaileek argi dute borondate onik balitz Zarauzko agintarien partetik, konponbide batera iristeko ez legokeela arazorik. Honenbestez, eskubaloi jardunaldi hauetan parte hartzeko deialdia zabaldu nahi dute. Goizean jokatuko diren eskubaloi partiden ondoren, festak Putzuzulo Gaztetxean izango du jarraipena, bazkari eder batekin. Taldeen izen emateak hilaren 21ean itxi arren, bazkaritarako txartelak urte amaiera arte egongo dira eskuragarri ohiko lekuetan.