Category: Ithaka Ukatuz


Bai, zaharragoak eta harroagoak gara arraiokideok. Zergatik sinetsi zahartzea txarra dela? Nork erabaki zuen hamahiruak zorte txarra ematen duela? Hamahirugarren urteurren honetan, inoiz baino bihurriago gaudenez hautsak eta uhinak harrotuko ditugu!

Ikasturte hau oparoa izaten ari da: 9 irratsaio ditugu entzungai (musika, gaurkotasuna, kirola, elkarrizketak, bidaiak, bertsoak, feminismoa, euskara, jasangarritasuna, ekologia…) eta 35-bat kide gabiltza informatzen, pentsarazten, isilaraziei ahotsa ematen, bestelako musika eskaintzen…. Harro egoteko arrazoirik ez zaigu falta, hortaz.

Irrati librea gara, autogestionatua, euskalduna, bizimodu kapitalista eta heteropatriarkarra irauli nahi dituena. Gure helburua eragitea da; pasibo nahi gaituzten arren, ez gara! Besterik badago, besterik egin dezakegu. Eta horretan ari gara, bestelako bide hori eraikitzen.

Oraindik ezagutzen ez bagaituzu, egin aproba, piztu irratia, sintonizatu FMko 99.3a; Zarautzen ez ezik, Oriotik hasi eta Ondarruko portuko ranpiraino entzun gaitzakezue. Eta interneten ere bagaude,www.arraio.eus web-orrian, edo Euskal Herriko Irrati Libre eta komunitarioen Arrosa sarean ere bai (www.arrosasarea.eus).

Eskerrik asko, noski, orain arte entzun gaituzuen guztioi, etorri zareten guztioi, lagundu duzuenoi. Irratiak hitz egiteko balio du, bai, baina entzuten ez bada, zentzurik ez du. Horregatik guztiagatik, aurtengo urteurrena ere zuekin guztiekin ospatu nahi dugu. Izan ere, xedeak eta balioak argi ditugu, eta horien artean dago zuek, gure entzuleak zaindu eta gozaraztea; arraiokideok gozatzen dugun bezainbeste, ahal bada.

Martxoak 16, larunbata. Plaieroen inguruko solasaldia Zarautz Kirol Elkartean 11:00etan.

Martxoak 21, osteguna. Ahoztar Zelaietaraen La trama del 4% Putzuzulo gaztetxean 18:30ean.

Martxoak 24, igandea. Gipuzkoa Bertsotan, girotze saioa Putzuzulo gaztetxean 17:00etan.

Martxoak 27, asteazkena. Mahai-ingurua: Euskara sexista eta ez sexista Modelo aretoan 19:00etan.

Apirilak 4, osteguna. Sendabelarrak Sara Letamendiarekin Merkatu Plazan 19:00etan.

Apirilak 26, ostirala
. Gipuzkoa Bertsotan, berotze saioa Putzuzulo gaztetxean.

Indarrez eta ilusioz datorkigu Saioa Etxeberria gurera, Kolonbiara egindako bidaiaren inguruan solasteko asmoarekin. Horrez gain duela bi urte telebista saio baten ondorioz egindako bidaia gogoangarri baten inguruan ere arituko gara.

Emakume borrokalaria eta energia handikoa izanik, bere istorioak entzuteko irrikatan gaude eta horiek asteazkenero bezala Arraio Irratian izango dituzue 21:30ak jotzearekin batera.

Irratsaio ezberdin baten aurrean gaude gaurkoan. Gela arroxean izango dugun gonbidatuak esan daiteke denbora gehiago pasatzen duela munduaren ertzak bisitatzen bere Aia kuttunean baino.

Xabi Azpiazu ez da geldirik egoteko pertsona, eta gaurko saioan ere batetik bestera eramango gaitu, orain arte burutu dituen hainbat bidaia jorratuko dituelarik. Ziur guztiak ukitzeko denbora ez dugula izango, baina lur hartzen dugun txoko bakoitzeko hainbat bitxikeria ezagutuko ditugu.

Zuen belarriekin kontatzen dugu 21:30tatik aurrera Fmko 99.3an.

Kaixo-kaixo!!

Eguzkiz beteriko otsaila amaiera honetan herria turistaz betetzen hasi zaigula… Eta horiei lekua utzi nahian guk ere ospa egiten jarraituko dugu asteazkenero lez.

Azken hilabetean Ithakako entzule finak Asia aldean barneraturik ibili gara, baina bagenuen gogoa itsasoa berriz ere beste alderantz gurutzatzeko. Gaur Nadhet Arruti oriotarra izango dugu beka baten bitartez Ekuadorren pasatako urte ederra gure artean errepasatzeko asmoarekin.

Ez galdu aukera 21:30ak aurrera emakume abenturazale honen esperientziak Arraio Irratian entzuteko!

Aste honetan Mikel Badiolaren bisita jasoko dugu gela arroxean. Urte asko eman ditu atzerrian gure sukaldari finak, eta gabon inguruan etxerako bidea hartu zuen, nahiz eta denbora askorako izango ez den. Berriz ere gure herri maitea utzi aurretik, kanpoan izandako bizimodua kontatzera hurbilduko zaigu.

Ziur bere bizitzeko gogoa eta kemena irratiko uhinen bidez zuengana iritsiko dela, beraz ez galdu gaurko irratsaioa FMko 99.3an 21:30etatik aurrera.

Powered by WordPress & Web Design Company
[ Back to top ]