Press "Enter" to skip to content

Kategoria: Ahuntzaren Gauerdiko Eztula

Altsasukoak askatu!

Kaixo lagunak!

Gaurkoan Altsasutik gatoz zuzenean. Dozenaka mila jende elkartu gara hango gazteen askatasuna eskatu eta espainiar injustizia salatzeko, eta han entzundako hitzak ekarriko ditugu Arraioko uhinetara. Bestetik, Isla aldizkari berria ezagutuko dugu Danda gazte asanbladako kideen eskutik. 0. alea kaleratu berri dute, eta proiektuaren eta landutako edukien arituko zaizkigu.

Igandero bezala, 21:00etatik aurrera Arraio Irratian! FM 99.3! Arraioz(a)harro!

 

Neguetxea eta Ibairen kolaborazioa

Kaixo entzule!

Gaurko irratsaioa Ijaunak bakardadean egin beharko du, Zirriren ausentzia medio. Baina ez da bakarrik egongo, Geriza elkarteko kideak etorriko dira neguetxearen aferaz berriz hitzegitera. Ondoren Ibai, gure liburuzainarekin kolaborazioa izango da telefonoz. Eta irratsaioa ongi amaitzeko, nola ez, efemerideak!

13 urtez, Arraioz(a)harro!

Bai, zaharragoak eta harroagoak gara arraiokideok. Zergatik sinetsi zahartzea txarra dela? Nork erabaki zuen hamahiruak zorte txarra ematen duela? Hamahirugarren urteurren honetan, inoiz baino bihurriago gaudenez hautsak eta uhinak harrotuko ditugu!

Ikasturte hau oparoa izaten ari da: 9 irratsaio ditugu entzungai (musika, gaurkotasuna, kirola, elkarrizketak, bidaiak, bertsoak, feminismoa, euskara, jasangarritasuna, ekologia…) eta 35-bat kide gabiltza informatzen, pentsarazten, isilaraziei ahotsa ematen, bestelako musika eskaintzen…. Harro egoteko arrazoirik ez zaigu falta, hortaz.

Irrati librea gara, autogestionatua, euskalduna, bizimodu kapitalista eta heteropatriarkarra irauli nahi dituena. Gure helburua eragitea da; pasibo nahi gaituzten arren, ez gara! Besterik badago, besterik egin dezakegu. Eta horretan ari gara, bestelako bide hori eraikitzen.

Oraindik ezagutzen ez bagaituzu, egin aproba, piztu irratia, sintonizatu FMko 99.3a; Zarautzen ez ezik, Oriotik hasi eta Ondarruko portuko ranpiraino entzun gaitzakezue. Eta interneten ere bagaude,www.arraio.eus web-orrian, edo Euskal Herriko Irrati Libre eta komunitarioen Arrosa sarean ere bai (www.arrosasarea.eus).

Eskerrik asko, noski, orain arte entzun gaituzuen guztioi, etorri zareten guztioi, lagundu duzuenoi. Irratiak hitz egiteko balio du, bai, baina entzuten ez bada, zentzurik ez du. Horregatik guztiagatik, aurtengo urteurrena ere zuekin guztiekin ospatu nahi dugu. Izan ere, xedeak eta balioak argi ditugu, eta horien artean dago zuek, gure entzuleak zaindu eta gozaraztea; arraiokideok gozatzen dugun bezainbeste, ahal bada.

Martxoak 16, larunbata. Plaieroen inguruko solasaldia Zarautz Kirol Elkartean 11:00etan.

Martxoak 21, osteguna. Ahoztar Zelaietaraen La trama del 4% Putzuzulo gaztetxean 18:30ean.

Martxoak 24, igandea. Gipuzkoa Bertsotan, girotze saioa Putzuzulo gaztetxean 17:00etan.

Martxoak 27, asteazkena. Mahai-ingurua: Euskara sexista eta ez sexista Modelo aretoan 19:00etan.

Apirilak 4, osteguna. Sendabelarrak Sara Letamendiarekin Merkatu Plazan 19:00etan.

Apirilak 26, ostirala
. Gipuzkoa Bertsotan, berotze saioa Putzuzulo gaztetxean.

Greba feminista eta Neguetxe

Kaixo lagunok!

Irratsaio bete-betearekin gatoz gaur ere. Ostiralean milaka eta milaka emakumek hartu zituzten kaleak greba feministaren deiari erantzunez. Zarauzko mobilizazioetan izan zen Ahuntzaren Gauerdiko Eztula, eta bertan egindako hainbat elkarrizketa eta eguerdiko ekitaldiko grabazioak emango ditugu. Bestetik, Neguetxe irekitzearen aldeko dinamikako kideak izango ditugu gela arrosean, azken asteetako egoeraren eta datozen mobilizazioen berri emateko.

Igandero bezala, gure efemeride eta kontuekin batera, 21:00etatik aurrera Arraio Irratian! FM 99.3!

 

Martxoaren 3a eta greba feminista

Kaixo Ahuntzok!

Gaurkoan efemeride berezi bati eman diogu tartea, Martxoaren 3a. Duela 43 urte hil zituzten poliziek Pedro Maria Martinez, Francisco Aznar Clemente, Romualdo Barroso Chaparro, Jose Castillo eta Bienvenido Pereda, Gasteizen, eta garai hartan gertatutakoak nahiz aurtengo urteurrenak emandakoak errepasatu ditugu.

Aurretik, Zamaiko Zuloko sorginaren kolaborazioa eduki dugu, Martxoaren 8ko greba feministaren garrantzia azaldu eta aldarrikatzeko. Zarauzko egitarauaren berri ere eman digu gure kolaboratzaileak.

Betiko gisan, eta Xabier Arzalluz gogoan -agur eta… agur!-, igandero 21:00etatik aurrera Arraio Irratian! FM 99.3!