Gaurko irratsaioaren hasieran Topatu gazte komunikazio proiektuaren amaieraz aritu gara solasean Garazi, bertako kidearekin. Ondoren Ibai, gure liburuzaina etorri da, ohitura duen bezala bi libururen gomendioa egitera. Eta, nola ez, irratsaioaren amaieran efemerideak izan ditugu. Entzun ezazue, ez zarete damutuko eta!
Gaurko irratsaioan luxuzko bi pertsona izan ditugu Arraioko gela arroxean. Hasteko gure kolaboratzaile izarra den Ahoztar Zelaietarekin Zaldibarko zabortegiaren atzean dagoen ustelkeriaz aritu gara. Bide batez, datorren otsailaren 18an Garoa liburu dendan izango den bere liburu aurkezpenera joateko deia ere luzatu digu gure entzuleei.
Ondoren Oihana Barrios psikologoarekin torturari buruz aritu gara. Otsailaren 13a, torturaren aurkako eguna bezala ezagutzen da eta horri buruz aritu gara berarekin solasean.
Amaitzeko, ohiturari jarraituz efemeride interesgarri batzuk kontatu ditugu, musika bikainaz lagunduta.
Gaurko irratsaioan etorri zaigu Samai-zuloko sorgina, eta nola etorri ere! “Feminismoa %99aren alde” izenburua duen liburua hartu du hizpide.
Ondoren Haritz Larrañagarekin solastu gara, “Zarauzko Amesgaiztoen liburua”ren egilea da eta herrian izan diren indarkeria politikoko gertakariak barne biltzen dira bertan.
Amaitzeko, eta ohiturari jarraituz, otsailaren 9ko efemerideak ere izan ditugu.
Gaurko saioan urtarrilaren 30eko grebaren balorazioa egin dugu hainbat kiderekin. Hasteko Donostia aldera joan gara, bertan antolatu zen erresistentzia kutxan parte hartu duen Josuren testigantza jasotzeko. Ondoren Joseba Alvarezek “Piztu Donostia” ekimenaren nondik norakoak azaldu dizkigu, baita grebaren balorazioa egin ere. Jarraian Zarautz aldera etorri gara eta Ainhize (Sare feminista), Xabi (ELA) eta Aihotzekin (LAB) herrian greba nola joan zen aztertu dugu, besteak beste.
Gaurkoan Samai-zuloko sorgina ez da etorri, erratza aparkatzeko arazoak izan dituela eta, datorren asterako utzi behar izan dugu kolaborazioa. Irratsaioa amaitzeko ordea efemeride sorta ederra eduki dugu. Entzun ezazue!