Press "Enter" to skip to content

Egilea: Ahuntzaren Gauerdiko Eztula

Itzulera, Martin Bidaurrekin

Kaixo lagunok!

Irratsaio polita datorkigu igande honetan, hasteko, gela arroxean bertan espero ditugulako gonbidatuak. Tartean izango da Martin Bidaur idazle gaztea, Itzulera poesia liburuaz hizketan. Susa argitaletxearekin atera du lehen lan hau Bidaurrek, eta bidaia intimo batean murgilduko gaitu poemaz poema.

Putzuzuloko egitaraua ere martxan dugu, eta amets fabrikako pare bat kide izango ditugu gurekin, Zarauzko amets fabrikaz eta datozen asteetako asmoei buruz aritzeko. Azkenik, Ahoztar Zelaieta estreinekoz arituko da kolaboratzaileen txokoan, askotan gutxiegi jakiten dugun gai baten bueltan: ustelkeria.

Gogoratu, beraz, erdi libre izango dugula telefonoa! 943 86 81 83. Deitzen duen orok kamiseta bat eta Ahuntzaren Gauerdiko Eztulan parte hartzeko ohorea izango ditu sari.

Igandero bezala, 21:00etatik aurrera, Arraio Irratian! FM 99.3!

galdutakoaren bila

itzuli nintzen atzera

eta batzuetan hobe da

egiteko dagoen bideari begiratzea

urtekari eta egutegi

argazki eta leku ezinezkoetan

iraganaren bila

etorkizuna galtzea baino

Lurra eta hitza aske!

Kaixo lagunok!

Bi elkarrizketa interesgarri izango ditugu aste honetako saioan. Batetik, Tosuko landako lagunengana joko dugu aurrena, bertan eraiki duten proiektua eta desalojo saiakeren aurrean duten egoera ezagutzeko. Bestetik, La Haine eta Kaos en la Red hedabideetako kazetari Bororen kasua izango dugu hizpide: hiru auzi ditu irekita kazetari lanarekin eta adierazpen askatasunarekin lotuta, eta epaiketarako data jarri berri diote.

Horrez gain, Ibon Iparragirreren aldeko manifestazioaren berri gerturatuko digu Edonatok, eta Amaiaren lehen kolaborazioa ere izango dugu.

Hori eta gehiago, 21:00etatik aurrera, Arraio Irratian! FM 99.3!

Tosuko landa. Topatu.

Atzo eta gaur, Espainiaren inperialismoaren aurka!

Kaixo ahuntzok!

Agenda arazoak tarteko, aurreko astean ezin izan genuen irratsaiorik egin, eta hasteko, barkamenak gure entzule fidel guztiei. Baina lasai! Irratsaio mamitsuarekin gatoz aste honetan ere.

Urriaren 12a pasatu berri dela baliatuz, Espainiaren atzoko eta gaurko inperialismoaren gainean arituko gara. Askapenako Gabi izango dugu gurekin, inperialismoak jatorrizko herriei eragindako hilketa, lapurreta eta txikizioa ezagutzeko. Bereziki, maputxe herriaren egoera aztertuko dugu.

Azkenaldian (ere) agerian geratu da Espainiako Estatuaren izaera faxista, batez ere, Herrialde Katalanetako egoeraren harira. Azken gertakariak errepasatuko ditugu, baina Euskal Herria ahaztu gabe. Ondo dakigu hemen ere zer den Espainiako Estatua: aste honetan baieztatu da Ibon Iparragirre presoaren egoera hil ala bizikoa dela, eta haren anaia batekin hitz egiteko aukera izango dugu.

Aurtengo atal berriari eutsiz, Paulen kolaborazio berri batez ere gozatu ahal izango dugu.

Beti bezala, 21:00etatik aurrera Arraio Irratian! FM 99.3!

Sols el poble salva al poble!

Kargak, kolpeak eta indarkeria indiskriminatua boto emaileen aurka, eta hala ere, milaka eta milaka herritar autodeterminazio eskubidea gauzatzeko antolatuta. Ezin zen bestela, gaur Herrialde Katalanetatik eta gela arroxetik egingo dugu denboraldi berriko lehenengo saioa.

Egunaren jarraipena, zuzeneko testigantzak Bartzelonatik, elkarrizketa, eguneko adierazpenak, Euskal Herriko elkartasuna…

Igandero bezala, 21:00etatik aurrera Arraio Irratian! FM 99.3!

Sols el poble salva al poble! Katalunia aurrera!

Venezuela aurrera!

Kaixo ahuntzok!

Hau da hau… Uda aurreko azken saioa dugu gaur! Atsedenaldi bat hartuko dugu iraila bitartean, baina saio mamitsu batekin gatoz aurretik. Gaur Bilbon Venezuelako iraultza bolibartarraren alde izandako manifestazioaren aitzakian,Fakun Aznarez izango dugu gure uhinetan. Herrialde hartako egoeraz eta Euskal Herritik erakutsitako elkartasun internaziolistaz arituko zaigu kazetaria.

Euskal Herriak ere jaso du elkartasun hori askotan, eta horren lekuko dira, esaterako, hainbat herrialdetan bizi diren iheslari politikoak. Horietako bi sorterrira itzuli dira asteon: Alejo Moreno eta Arturo Villanueva. Arturorekin hitz egin dugu itzulera horri buruz.

Hori, asteko beste kontuen errepasoa eta askoz gehiago, igandero bezala, 21:00etatik aurrera Arraio Irratian! FM 99.3!