Kaixo lagunok!

Irratsaio polita datorkigu igande honetan, hasteko, gela arroxean bertan espero ditugulako gonbidatuak. Tartean izango da Martin Bidaur idazle gaztea, Itzulera poesia liburuaz hizketan. Susa argitaletxearekin atera du lehen lan hau Bidaurrek, eta bidaia intimo batean murgilduko gaitu poemaz poema.

Putzuzuloko egitaraua ere martxan dugu, eta amets fabrikako pare bat kide izango ditugu gurekin, Zarauzko amets fabrikaz eta datozen asteetako asmoei buruz aritzeko. Azkenik, Ahoztar Zelaieta estreinekoz arituko da kolaboratzaileen txokoan, askotan gutxiegi jakiten dugun gai baten bueltan: ustelkeria.

Gogoratu, beraz, erdi libre izango dugula telefonoa! 943 86 81 83. Deitzen duen orok kamiseta bat eta Ahuntzaren Gauerdiko Eztulan parte hartzeko ohorea izango ditu sari.

Igandero bezala, 21:00etatik aurrera, Arraio Irratian! FM 99.3!

galdutakoaren bila

itzuli nintzen atzera

eta batzuetan hobe da

egiteko dagoen bideari begiratzea

urtekari eta egutegi

argazki eta leku ezinezkoetan

iraganaren bila

etorkizuna galtzea baino

« »