Press "Enter" to skip to content

Hilabetea: azaroa 2020

Saharaz harro, HURRA SAHARA!

Kaixo entzuleok!

Igande honetan Saharaz arituko gara Ahuntzaren Gauerdiko Eztulan. Hortarako, lehenik Embaren kide sahararra etorriko zaigu gela arroxera, lehen eskutik Marokok abiatu duen ofentsibaren eta honi nola aurre egiten ari zaion jakiteko. Ondoren, gure kolaboratzailea den Iñaki Gil de San Vicenteren txanda izango da, berarekin Sahararen espolio eta okupazio kolonialistaren historia errepasatuko dugu. Amaitzeko, beti bezala, maitasun/gorrotozko efemerdieekin emango diogu agurra irratsaioari.

Hau guztia, zuzen-zuzenean, igande honetan, azaroak 22, gaueko 21:00etatik aurrera FMko 99.3an eta arraio.eus webgunean!

Arraio irratiaren programazio aurkezpena: 15 urtez Putzuzulotik, FM 99.3an!

Kaixo lagunok!

Hamabosgarren denboraldia ere hasi dugu Arraio Irratian! Nork esango zuen, Lizundia oihal fabrika zaharreko komunera sartu ginenean, honaino iritsiko ginenik. Pandemia, konfinamendua, gure aterpe ere baden Putzuzulo gaztetxearen egoera ziurgabea, gorabehera asko izan ditugu azkenaldian ere, baina hasieratik egin bezala, ez diogu inoiz uhin eta ahots askeak aireratzeari utzi.

14. urteurrena ez genuen nahi bezala ospatzerik izan, eta mugatuta aurkitu gara 15. denboraldia aurkezteko ere. Baina ez gara etxean geratuko. Datorren igandean (azaroak 22), denboraldi berrirako parrilla aurkeztuko dugu herrian: gela arrosean ekoizten ditugun zortzi irratsaioez gain, Orokieta irratia, goiz eta arratsalderoko magazinak, Arrosa sareko beste irratien programak, errepikapenak… Zarautzen ere bada zer entzun!

Berrikuntzarik ez zaigu falta aurten ere. Hainbeste urtez goxatu gaituzten atalkarien lekukoa hartuz, sareko podcast feministak berreskuratuko dizkigu Aho bete hitz… more! irratsaioak, ostegunetan, eta doinu elektroniko eta ez hain elektronikoak iritsiko zaizkigu Bermudatik, ostiraletan. Ohiko edukiek ere jarraituko dute: Bapateko unibertsoa, Galdedebalde, Zaratarautz, Izerditan blai, Ithaka ukatuz, Ahuntzaren gauerdiko eztula… Eta gogoratu, beti bezala, gure mikroak zabalik daudela parte hartu nahi duen guztiarentzat.

Adi egon igandean, beraz, kaletik ibiliko gara eta! Adi belarriak, eskuratu aurtengo zure parrilla eta sintonizatu Arraio Irratia! 15 urtez Putzuzulotik, FM 99.3an!

Pedalei eman eta eman

Gaurkoan ezta bidaia eroso eta errazik izango gela arroxean, Gorka Aranguren eta Ganix Gesalaga gerturatuko baitzaizkigu euren txirrinduekin. Azken udan Izan Bidean egitasmoaren baitan murgildu ziren abentura ekarriko digute gurera, eta protagonismo nagusia bi gurpileko garraiobideak hartuko du.

Euren erritmoa jarraitzeko gai zareten frogatu nahi? Kuloteak eta kaskoa jantzi, eta Arraioko uhinetan elkartuko gara 21:00etatik aurrera!