Press "Enter" to skip to content

ZAGArrak berri gatoz!

Hemen jartzen dizuegu ZAGAk bidalitako mezua:

ZAGArrak berri gatoz! Bazatoz?

Eup gazte! Ze berri? Zaharrak berri? Betiko bizimodu ero hontan nazkatuta? Geure burua, ingurua, berritzeko prest? ZAGArrak berri gatoz! Bazatoz?

Betidanik izan dugu gazteok modu kolektiboan eragiten gaituzten arazo eta beharrei batera aurre egiteko joera. Azken urteotan ordea, Zarautzen horretarako espazio naturala den Gazte Asanbladarik ez zegoela ikusita, eta Martxoaren 31an burututako Dinamitatuai! ekimenaren ondoren, Zarauzko gazte talde bat asanblada batean elkartu gara. Hutsune horiek betetzera bidean, hiru dira ZAGA Zarauzko Gazte Asanbladaren izaera aditzera ematen duten helburu nagusiak:

1. Herriko gazte ezberdinen topalekua izatea eta hauen arteko harremana sendotzea.

2. Kolektibo bat osatzen dugula onartuta, kolektibo gisa ditugun arazoak (herrian modu duinean lan egin eta bizitzeko eskubidetik, botere harremanetatik, kontsumismo hutsetik haratagoko bestelako aisialdi ereduaetaraino) konpontzen eta irrika eta interes askotarikoak asetzen saiatzea.

3. Gazte bakoitzaren aukeren araberako ekarpenarekin, asanblada anitza eta integratzailea osatzea, aurretik egindako lana aintzat hartuta eta belaunaldi berriei protagonismoa eskainiz.

ZAGArrok martxan gaude jada! Larunbateroko asanbladetan, sare sozialetan, eta batez ere, kalean topatuko gaituzu. Kalean ere, laster izango duzue gure berri: ekainaren 16an Zarauzko kaleak gazte indarrez eta aldarriz bete nahi ditugu. Giroa berotze aldera, ZAGArron logoa izango dena aukeratzeko lehiaketa bat ere jarri dugu martxan: bidali zuen lanak maiatzaren 26rako zarauzkoasanblada@gmail.com helbidera! Herriko musika talde gazteei ere eman nahi diegu aukera bat: ekainaren 16an herriko kaleetan zuen oihua entzutea nahi baduzue, bidali mezu bat zarauzkoasanblada@gmail.com helbidera, eta denon artean dantzatuko dugu iraultzaren erritmora! Astindu irudimena eta ekin lanari!

Larunbatero goizeko 11:00etan izaten dugu asanblada Gaztetxean. Guztion ekarpenak egingo gaitu indartsu! Bazatoz?

Be First to Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude