Press "Enter" to skip to content

Egilea: arraio

Ariola Kultur ekimenaren prentsa oharra

Ariola Kultur Ekimenak, abenduan egin zituzten jardunaldien balorazioa burutu dute eta Otsailaren 10ean Putzuzulo Gaztetxean egingo duten batzar irekiaren inguruan honako testu hau bidali digute:

Herriko kultur mugimendua saretzeko eta biziberritzeko asmoz sortu zen Ariola elkartea pausoak ematen ari da azken hilabeteotan. Joan den abenduan Ariola gauzatzen izeneko jardunaldiak egin zituzten, ehun lagun inguru bilduta. Bertan, ekarpen eta eztabaida interesgarri ugari entzuteko aukera izan zen, eta horrek aurrera jarraitzeko energia berria eman zien ariolakideei.

Orain, urte berriari ekiterakoan, Ariolak argi adierazi du bere egitasmoa gauzatzeko “espazio propio eta bakar bat izateko apustua” egingo duela aurrerantzean: “Uste dugu Zarautzek dituen azpiegituren kudeaketaren inguruan hitzegiteko beharra atera zela eta baita hauen demokratizazioa lortzeko apustua ere. Baina espazio propio eta bakar batek sortzen duen indar metaketa eta sortu ditzakeen sinergiak ez dira espazio anitzetan banatuta egoten lortzen”. Hori dela eta, 2012an urrats berriak emateko prestutasuna agertu du Ariolak: “Nahiz eta erabat finkatuta ez egon, espazioa lortzeko pausoak ematen hasi behar dugu, Udalarekin eta egon daitezkeen beste eragile kultural batzuekin negoziatzeko eta elkarlana abiatzeko”.

Asmo hori gauzatu dadin, kultur eredu berri bat sustatzen eta sustatu nahi duten komunitate edota sarea osatzen jarraitu beha dutela uste dute Ariolako kideek. “Ariola kultur ekimena ez da gutxi batzuen ekimena izango. Zarauzko eragile nagusiak biltzea lortu behar duen ekimena izan behar du, ekimen publikoa, irekia, adostasunean oinarrituta, babestua eta Zarauzko kultur politika biziberritzeko eta dauden azpiegiturak demokratizatzeko indar metaketa bat izan behar du”. Hari horri tiraka, etorkizuna itxaropentsu ikusten dute: “Ibilbide luze bezain polit baten hasieran besterik ez gaude. Bidean, arituz, gehiago harilkatuko gara!”.

Ariolako kideek Euskal Herriko hainbat kulturgune dituzte erreferentzia gis, eta horietako batzuk abenduko jardunaldietan izan ziren euren bizipenak eta proiektuak kontatzen. “Oso aberasgarria izan da besteen ibilbideak ezagutzea, eta Zarautzerako hainbat pista ere jaso genituen”. Datozen hilabeteotan, epe luzerako eta laburrerako helburuak uztartu behar dituztela nabamendu dute, baina argi utzi dute Ariolaren oinarrian dauden balioak mantenduko dituztela: elkarlana sustatuko duena, euskalduna eta euskaltzalea, zapalkuntza ororen kontrakoa, autonomoa, autegestionatua, dinamikoa, feminista, independientea, autokritikoa, intsumitua eta funtzionamendu ez hierarkikoa duena.

Honegatik guztiagatik, Ariolak batzar irekia antolatu du otsailaren 10erako. Putzuzulo gaztetxean, arratsaldeko 18:30ean. Herritar guztiak eta kultur eragileetako kideak gonbidatuta daude bertan parte hartzera.

EGUNA: Otsailaren 10a
ORDUA: 18:30
LEKUA: Putzuzulo gaztetxea

Besterik gabe, eskerrik asko.

[vimeo]http://vimeo.com/36043570[/vimeo]

Beste astearte bat belarriak zulatzeko

Beste astearte zaratatsu bat iritsi zaigu eta nahiz eta aste honetako gonbidatuak azken unean huts egin digun, ordu eta erdiko saio bikaina prest dugu ZarataZarauzko lagunok.

Aste honetan, Defenestre Fest jaialdia izan zenaren laburpen txiki bat egiteaz gain, Hell Born Messiah taldearen abestiren bat jarriko dugu, bertako partaidea zen Danik agur esan digu eta (gogoratu talde honek Putzuzulon jo zuela). Honez gain, lan berri batzuei errepaso txiki bat egingo diegu (Criatura, Arale, Yaw…). Eta ahaztu gabe, asteroko agendari ere errepasoa egingo diogu.

Guzti hau, B Jauna eta Krixpinen laguntzaz, gaueko 21:30etatik aurrera, A Desalambrar irratsaioaren ostean.

Aste honetako saioa podcastean duzue iada. Playlista berriz HEMEN.

Kepa Acero Uhaina Bikaina saioan

Gure Zarauztar surflari kutunak, hil honetako Uhaina Bikaina saioa egina du iada. Hilabete honetan, Kepa Acerorekin elkarrizketa. Surflari algortarra Alaskan hasi eta Patagonian amaitu duen bidaia batean izan da. Saio honetan Acerotarren ibilbidea azpimarratzen da eta horrekin batera, Kepak bidaiaren nondik norakoak kontatzen ditu; pasarteak, aurkitutako olatuak, hotza, artzak, lekutarrak, arriskua, bidaia, abentura…

Eta guzti hau Arraio Irratiko uhinetan entzun ahalko duzue ostegun honetan, arratsaldeko 16:00etatik aurrera.

Defenestre Fest jaialdiaz jardungo gara ZarataZarautzen

Aste honetako ZarataZarautz irratsaioan Defenestre Fest jaialdiaz jardungo gara. Larunbat honetan Putzuzulo Gaztetxean ospatuko den jaialdiak 10 talde edukiko ditu bi oholtzetan. Arratsaldeko 17:00tan hasiko den festan talde hauek jardungo dira: Erantzun, Metralleta, Almax, Diswar, Kamorrah, Destierro, Derrota, Nerviosah, Pornosaurio eta Hell Division.

Astearte gauean, 21:30etatik aurrera egingo dugun saioan talde guzti hauen abestiak entzuteko aukera izango duzue.

“Konkistak 500 urte. Deuseztatu ezin izan duten oroimena” hitzaldia entzungai duzue


Arranopola Kultur Elkarteak antolatuta, Konkistak 500 urte. Deuseztatu ezin izan duten oroimena hitzaldia eduki dugu gaur Arrano Tabernan. Bertan, Patxi Abasolo 1512-2012 Nafarroa bizirik ekimeneko kidea eduki dugu eduki dugu. Aurten, 500 urte betetzen dira Nafarroa Garaia konkistatzen hasi zirenetik. Hau dela eta, duela lau urte “1512-2012 Nafarroa bizirik” ekimena abian jarri zen. Honen helburua, besteak beste, garai haietan bizi izan zirenak gogoratu eta gure historiaren zati garrantzitsu haien pasarte nagusiak azaltzea da. Hitzaldia entzun nahi baduzue, podcastean duzue.