Press "Enter" to skip to content

Kategoria: Itsaso Debekatuak

Arraio Irratia oporretara doa!!

Zarauzko Arraio Irratia oporretara doa San Pelaioen ostean. Gure programazioko irratsaio ia denak jai hartuko dute udan eta irailean itzuliko dira gehienak. Hala ere badira oraindik ere gure uhin libreetan kaka ematen jarraitzeko gogoz daudenak. Udan zehar esaterako, ZarataZarauzko kideak belarriak zulatzen jarraitzeko asmoa azaldu dute asteartero bezala. Kaiolatik saioa ere muxu elektronikoak bidaltzen ibiliko da datozen hilabeteetan eta ZirriMarrakoek ere uztailean zehar egingo dute saioa. Gainontzean, baliteke saio bereziren bat izatea udan eta webgunearen bidez esango dizuegu.

Bestalde, programazioa oporretan egongo bada ere, lan dezente dugu egiteko gure gela arroxean. Irailera begira, irratia berritu asmoz gabiltza eta obratxo batzuk egingo ditugu bertan. Honez gain, antena leku aldatzekotan gabiltza gure seinalea handitu eta hobetu asmoz. Honekin, Zarautzen entzuteaz gain, inguruko herri batzuetan ere emititzea espero dugu, dena ongi badoa.

Irailean sorpresa berri gehiagorekin itzuliko gara, baina bitartean FMko 99.3an edo internet bidez entzun gaitzazkezue.

Atzoko irratsaioa entzungai duzue

Atzokoan hainbat gai landu genituen astelehenero bezala. Zarauzko herrirako kide bat izan genuen gurekin pasa den ostiraleko kontuez hitzegiteko eta Aguraingo Nagore Lopez de Luzuriagak berriz Arabako preso gaixoen inguruan azalpenak eman zizkigun.
Elkarrizketaren garaian berriz Antton Lopez Ruiz presoaren emaztea eta semea izan genituen gurekin.
Dispertsioa eta gartzela politika ankerra senideen ikuspuntutik begiratzeko modua eduki genuen atzokoan.
Emazte eta seme baten betaurrekoak jantzita bidaiatu genuen 25 urte luzez, Espainiako gartzeletan barrena.
Eskerrik asko biei!

Hemen duzue elkarrizketa entzungai

Urteurreneko irratsaio berezia entzungai duzue

Atzo Arraio Irratiak 6 urte egin zituen. Eta hau ospatzeko, Putzuzulo Gaztetxea garbitu eta txukuntzeaz aparte irratsaio berezia egin genuen gaur egun gauden saioko kideek.

Itsaso Debekatuak, Bitakora, ZarataZarautz, Izerditan Blai, Zirrimarrak, Atalka, Kaiolatik… Denak Ahuntzaren Gauerdiko Eztula irratsaioko kideek gidatuta. Honez gain, Isuo Sasiia handia ere gurean izan zen kantu pare bat jotzen. Entzun nahi?

Txuriren inguruko monografikoa astelehenean Itsaso Debekatuk saioan

Kaixo lagunak,

Astelehen honetarako Txuriren inguruko monografiko bat prestatu dugu. Hilaren 21an urteak bete zituenez berak bizi duen injustizia salatu nahi dugu saio honetan.

Arrazoi ezberdinengatik kalean izan beharko genuke Txuri, bere zigorra osorik bete arren Burgoseko espetxean baituta jarraitzen duen arren. Zigorra osorik bete duen arren gaur egun auzitegi konstituzionalaren ebazpenaren zain dagoen 197/2006 doktrina aplikatu zaio. Gainera orain gutxi bihotzeko bat izan zuen, bere espetxe barruko bizimodua gehiago gogortuaz.

Gai hauek jorratuko ditugu astelehenean 19.30tatik aurrera Arraio Irratian, FMko 99.3an!

Zorionak Txuri
Zorionak Txuri

Pasaiako sarraskiaz eta bere bizitzaz Rosa Jimeno oriotarrarekin Itsaso debekatuak saioan

Astelehen honetan Rosa Jimeno oriotarra elkarrizketatuko dugu. Zoritxarrez Rosa, Pasaiako sarraskiko partaideetako bat izan zen. 1984.urtean Rosa atxilotu eta lau egunez torturatu ostean, bere taldeko lau kide hil zituen poliziak Pasaiako badian. Gertaera gogor hauek eta bere bizitzaren nondik norakoen inguruan arituko gara oriotarrarekin. Elkarrizketaz gain, aste honetan gertatuak eta beste hainbat kontu ere landuko ditugu. Badakizue hitzordua, astelehen honetan arratsaldeko 19:30etatik aurrera Arraio irratiko uhinetan, FMko 99.3an.

Rosa Jimeno oriotarra gaur gurean
Rosa Jimeno oriotarra gaur gurean