Press "Enter" to skip to content

Hilabetea: iraila 2006

4 hilabete egin ditugu FM-n, herriaren ahotsa izateko helburuarekin

Maiatzaren 20an egin zen Arraio Egunarekin jauzi egin zuen Zarauzko Arraio Irratiak FM-ra. Aurretik, internet bidez emititzen genuen, eta Irratia herritar guztien eskura jarri genuen egun hartan; orduz geroztik herritarren ahotsa zabaltzen saiatu gara. Lau hilabete pasatu dira egun hartatik eta ia egunero zuzeneko irratsaioak egin ditugu. Kolore guztietako musika, berriz, 24 orduz egon da entzungai FMko 99,3 sintonian. Uda sasoian, proiektuari oinarria jarri diogu, eta orain, Arraio sendotzea da gure helburu nagusia. Lan asko daukagu egiteko, baina komunikabide libreak eta herritarrak sortzeko bideari eutsi egingo diogu.

Hori dela eta, dei egin nahi diegu herritarrei Arraio Irratian parte hartzea animatu daitezen. Orain arte entzule izan den bati baino gehiagori sortuko zitzaion mikrofono aurrean jarduteko gogoa, eta komunikatzeko tresna izan nahi dugunez, ateak parez pare irekita dituela adierazi nahi dugu. Aste hauetan, besteak beste, ikasturte berrirako programazioa lantzen ari gara eta ez legoke inongo arazorik programa berriak txertatzeko. Zaharrak eta gazteak, emakumezkoa nahiz gizonezko, antzerki talde, kultur eragile, naturzaleak eta mendizaleak, musikaren maitaleak edo kontu kontalariak… guzti guztiak daude gonbidatuta Arraio Irratian parte hartzera. Programa osoak sortu daitezke, edo baita kolaboratzeko bideak ere (hamostean edo hilabetean behin…). Kontatzeko daukaguna atera eta beste herritarrei zabaltzeko tresna da Arraio Irratia, eta horretan herritarrei laguntzea da gure helburua.

Parte hartu nahi duenak gurekin harremanetan jartzeko hainbat bide ditu:

Helbidea: Putzuzulo Gaztetxea, 1. pisua.
e-maila: arraio@arraio.org
telfonoa: 697443276 (programen ordutegian)

Hala ere, Arraio Irratia ez da isilduko, eta datozen asteetako programazioa honakoa da.

ASTELEHENA:

20:00 Arraioi!
22:30 Trio Kalabera

ASTEARTEA:

21:00 Ate Iluna
22:00 Zarata Zarautz

OSTEGUNA:

20:00 Arraio Enea
21:00 As Noites da Radio Lisboa
22:00 Amatista

OSTIRALA:

20:00 Kaiolatik

LARUNBATA:

15:30 Non Grata

IGANDEA:

20:00 Oilategitik
22:00 Ahuntzaren Gauerdiko Eztula

Partaide eta proposamen berriekin osatutako programazio osatua aste batzuk barru aurkezteko asmoa daukagu. Eztabaida saioak, agenda eguneratua, irrati-nobelak, lehiaketak… berrikuntza asko ari gara prestatzen, kalitatezko irratia egin nahi baitugu.

Lau hilabete hauen balorazioa egiterako orduan, positiboa izan dela esatea besterik ez zaigu gelditzen. Izan ditugu arazo teknikoak, izan ditugu hasierako oztopoak… Baina gainditzeko ahalegina egin dugu, eta lortu ere bai. Ikusi besterik ez dugu, uda honetarako Arraio Irratiak prestatu zuen material bilduma. Ohiko metxeroak eta txapak egiteaz gain, Arraio Irratiko CDa prestatu genuen. Azken Portuko jaietan ekin genion saltzeari, eta sekulako arrakasta izan zuen entzuleen artean. CD horretan, Arraio Irratiko programen kuñak eta pasarteak bildu genituen, baita Gaztetxean izandako kontzertuetako abestiak edo Arraion ohikoenak diren doinuak ere.

Honenbestez, eskerrak eman nahi dizkiegu babesa eskaini diguten guztiei, irratia piztu eta Arraio entzutea erabaki dutenei, elkarrizketak egiteko arazorik jarri ez dutenei eta beste hainbat arraiokideri. Animatu zaitezte guztiok Arraio Irratian parte hartzera!