Press "Enter" to skip to content

Egilea: Bapateko_unibertsoa

Arraio irratiak 15 urte!

Iritsi da udaberria eta berarekin eguzki epela. Ekitaldiak ugaritu dira, eta arratsaldeak luzatu. Inguruko txokoetan koloreak nagusitu dira, baita txorien kantuak alaitu ere. Oharkabean beste udaberri bat iritsi da eta konturatzerako Arraio irratiak urte bat gehiago beteko du. Nork pentsa zezakeen 2006ko maiatzaren 20an, Santa Marina egunez, hainbeste urte airean egingo genituenik? Ba bai, 15. urtemuga da oraingoa.

Inor gutxik uste genuen Lizundia oihal fabrika zahar hartako komuna atondu genuenean Arraio irratia nerabezarora iritsiko zenik. Geroztik ugari izan dira urte hauetan gela arroxean egin diren irratsaioak, pasa diren irrati kideak, gonbidatuak zein burututako ekintzak. Denboraldi honetan ere saio batzuek agur esan duten arren, berriak ere etorri zaizkigu. 15 urte hauetan etenik gabe aritu gara (zailtasun teknikoak aparte) FM-ko 99.3an gure uhinak emititzen. Guk ekoitzitako irratsaioez gain, Arrosa Sareari esker, beste irratietako saioek ere osatu dute gure programazioa, kolore biziz margotuz gure parrilla. Bertan askotariko irratsaioez gozatzeko aukera duzue: bertsoak, musika zaratatsua zein elektronikoa, kirolak, aktualitatea, umorea, bidaiak… Ez dugu ahaztu nahi Orokieta Herri Eskolak egiten duen saioa ere, haurrek haurrentzat eginiko irratsaioa eguerdiro entzun baitateke. Honetaz guztiaz gain, txorien txorrotxioa bezain anitza den hari musikalaz goza daiteke irratsaiorik ez dagoen tarteetan.

Oraingo eguzkia bezain goxoa izan da Putzuzulo gaztetxeak emandako aterpea. Horri esker urte hauetan guztietan komunikazio proiektu aske eta autogestionatu hau eraikitzea lortu dugu, gure akats eta bertuteekin. Bi proiektuak elkarren ondoan eta elkarrekin hazi dira eta ezin dugu ulertu Arraio irratia Putzuzulo gaztetxerik gabe, ezta Putzuzulo Arriorik gabe ere. Udaberriko egunak bezala, bi egitasmoen bizitzak luzatuz doazen arren, ortzimugan erronka handia bistaratzen da. Jakina da Putzuzulo eraisteko agindua emana dagoela, hots, berarekin batera irratia ere eraitsiko dela. Egoera honetan, etorkizuneko gaztetxe bat lortzeko bidean Xakela Gaztetxe asanbladarekin bat egiten dugu, leku berri horretan beste hainbeste urtean elkarlanean aritzeko asmoarekin. Udalarekin hasi diren negoziaketetan, orain arteko filosofiari jarraiki, gaur egun ditugun baldintza berdinetan jarraitu behar dugula sinetsita gaude. Gure espazioarekiko burujabetasun osoa izanda bakarrik egin dezake aurrera egitasmo honek. Esan gabe doa, epe luzerako bermea izatea beharrezkoa dela, proiektu honek egonkortasuna izan eta etorkizunean hazten jarraitzeko ezinbestekoa delako, ez Arraio irratiarentzat bakarrik.

Basoetan aurkitzen diren zuhaitzen kimuak bezala ugaritu dira gure 15. urteurreneko ekintzak. Gaur egungo testuingurua kontuan izanik, egingo diren ekintzetan osasun neurri guztiak beteko direla bermatzen da, orain arte egin izan den bezala.

Hemen duzue irakurgai maiatzerako prestatu dugun egitaraua:

Señora Sariketa, Señora batek esplikatua

Aste honetan I. Señora Sariketaz aritu gea hizketan Ane Zuazubiskar antolatzailiakin. Lehen bi kanporaketak jokatu dia dagoeneko, eta finala maiatzaren 8an izango da, Lesakan. Sariketa zergatik antolatu duten eta orain artekoa nola joan den azaldu du Zuazubiskarrek. Horrez gain, beti bezela, bertso munduan aktualitatia eta agenda errepasatu ditugu.