Press "Enter" to skip to content

Programazioa

GALDEDEBALDE: Lagunen arteko eztabaida klasiko, ez hain klasiko eta surrealistak irratian azaleratzeko asmoz datorren irratsaioa. Iritzi eta paranoiei izen-abizenak edo ezizenak jartzera gatoz, Parte-hartze ireki batekin disfrutatzeko prest, egin #Galdedebalde zure irudipena askatuz!

ZARATAZARAUTZ: Musika zaratatsu ezberdinak uztartzen dituen saioa. Hardcorearen adar ezberdin guztiak errepasatzen saiatzen da astero-astero, inguruko kontzertuen bistarazoa galdu gabe eta beti ere belarriak zulatzeko gogoz. Asteartero, gaueko 21:30etatik aurrera entzun daiteke.

IZERDITAN BLAI: Arraioko kirol irratsaioa, herriko zein inguruetako kirol taldeen nondik-norakoaren errepasoa egiten dugu. Honetaz gain kirolari edo antolatzaileak elkarrizketatzen ditugu, playerotako partiden azterketa zein kiniela mundiala ahaztu gabe!. Asteazkenetan, bi astean behin, 20:00etan

PATIYOKO ATZUAK: Bi atzon arteko irratsaioa, umoretsua eta ez-serioa. Albisteak, elkarrizketak eta sormenarako tartea ere izango duena. Zure belarriak gure ahots sentsualekin goxatu nahi badituzu eta, gainera, barre egin nahi baduzu badaukazu zer entzuna! Hilean behin.

AHUNTZAREN GAUERDIKO EZTULA: igandero 20:00tatik aurrera aktualitatea jorratuko dugu, protagonista ezberdinekin. Gure kolaboratzaileek astero eduki berriak ekarriko dizkigute eta telefonoz edo gela arroxean elkarrizketak eginez Euskal Herriko eta munduko edozein txokotako gertaerak landuko ditugu, seriotasun umoristikoz beti ere.

GELDITZEN ZERA EDO BASHOAZ: Ez da soilik galdera bat, geratzeko gonbidapena ere bada. Non BASH taldearen ekarpenak entzutera animatzen zaituztegu bi mari zororen konpainian. Egunerokotasunean sortzen diren eta aniztasunean loratzen diren elkarrizketetan murgilduz. Bi asteazkenetatik behin 20:00etan Arraio Irratian!

ARRAIO SESSIONS: John Peel handiari keinu txiki bat eginez, Arraio Irratiak grabatzen dituen kontzertuak entzuteko tartetxoa. Ostegunero.