Press "Enter" to skip to content

Hilabetea: urria 2020

‘Zaldibar, zona cero’ liburuaren aurkezpena Putzuzulon

Liburu aurkezpen bat izango dugu datorren astelehenean Arraio Irratiaren eskutik. Zaldibar, zona cero liburuaren egile eta irratiko kolaboratzaile Ahoztar Zelaieta hurbilduko zaigu Putzuzulo Gaztetxera.

Pasa den otsailean Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze langileen biziak aurretik eraman zituen luiziaren ondoren, gertatutakoaren eta zabortegiaren negozioaren eta haren atzean dagoenaren gainean ikertu du liburuan, besteak beste.

Urriak 26 astelehena, 19:00etan Putzuzulo gaztetxean. *Segurtasun neurriak bermatuko dira.

15. denboraldiko lehen eztulak igande honetan!

Bueltan da Ahuntzaren Gauerdiko Eztula irratsaioa!!!

Bai, badakigu denak zai zinetela, igande gauak goxatzeko zerbait falta zenutela… Hemen gara, iritsi da unea: urriaren 18an, gaueko 21:00etatik aurrera FMko 99.3 eta arraio.eus webgungean izango gaituzue!

15. denboraldi honetarako gure kolaboratzaileen maila igo dugu (pixka bat bakarrik). Txandaka gurekin izango dira igandero Iñaki Gil de San Vicente, Aitziber Sarobe, Ahoztar Zelaieta eta Samai zuloko sorgiña! Eta aurtengoan ere maitasun/gorrotozko efemerideak ez dira faltako noski!

Ikasturte hasierarako hona gure plana: Iñaki Gil de San Vicenterekin solasaldia espainiar genozida inperialisten arrazaren egunaz eta herriko ikasleekin ere arituko gara urriaren 12az.

Galduko duzu? Espero ezetz… Iganderarte beraz!

Playeruak eta gure Elena Azpeitia freelancearen estreinaldia Karmele Makazagarekin

Kaixo entzule maite!

Biharko saioan playeroetako antolakuntzan dabiltzan bi kide gerturatuko zaizkigu. Denboraldia oraindik hasteko asmorik ez dagoen arren izen ematea zabalik dago. Honen inguruan eta etor daitekeenarekin inguruan arituko gara beraiekin. Bestalde, udako merkatuan Elena Azpeitia freelance moduan aritzeko fitxatu dugu eta bere estreinaldian, Karmele Makazagari egindako elkarrizketa entzuteko aukera izango duzue. Beraz, kirol aktualitatea eta kirolari historiko bati egindako elkarrizketarekin gozatu nahi baduzue ez hutsik egin eta sintonizatu bihar, asteazkena 21.00tatik aurrera Arraio Irratia, FMko 99.3an