Press "Enter" to skip to content

Berrituz eta sendotuz, uhinak astintzen jarraitzen dugu!

Urte berrian sartu ahala, urteurren berriari begira jarri ohi gara Arraio Irratiko kideok, guretzat hain berezia den maiatzari begira. Hamalaugarren udaberria izango da aurtengoa, gazteen bultzadaz eta herriaren babesarekin berreskuratutako Putzuzulo gaztetxetik uhinetara salto egin genuela. Bide emankorra izan da, eta hala irudikatzen dugu etorkizuna ere: etengabe berrituz eta sendo.

Gaur egun, bederatzi irratsaio sortzen ditugu gela arrosean: aktualitateaz, musikaz, lagunarteko kontuez, bertsolaritzaz, kirolaz, zinemaz, erotikaz, bidaiez… Nork bere ahotsetik eta bere modura, autogestioa, lan militantea eta asanblada ardatz hartuta. Euskal Herriko gainerako irrati libre eta komunitarioekin elkarlanean, bestelako interesen menpe dauden medioek erakusten ez duten jardun eta errealitate bat azaltzen dugu denon artean, parrila ederra osatuz.

14. urteurrena prestatzen ari garen honetan, pare bat konturen berri eman nahi genuke: -Programazioa jendeari helarazteko,eskuorriak banatzen arituko gara bihar. Udaletxe plazan, 19:45etatik aurrera (euskal presto eta iheslari politikoen defentsan egiten den elkarretaratzean).

Berrikuntza bat bereziki nabarmendu nahi dugu aurten: denboraldi honetan, Orokieta Herri eskolako ikasleek egindako irratsaio bat emititzen ari gara asteartetik ostiralera, 13:00etatik aurrera. Orokietakoena ez ezik, hor dugu Ikastolako ikasleek egindako Kosta Kasta ere, hileko azken asteazkenetan, 19:00-20:00. Pozgarria da guretzat, sorreratik emititzen ari diren saioekin batera, Zarauzko haur eta gaztetxoek ekoitzitako tarteak izatea Arraioko uhin askeetan. 1980ko hamarkadan lehen aldiz piztu zuten Arraio zaharrari segida emanez, belaunaldi ezberdinak batzen jarraitzen dugu.

-Irratia kalera eta herriko beste gune batzuetara eramaten ere saiatzen gara. Horren adibide izan da, esaterako, astearte honetan (19:00) Garoa liburu dendan egindako liburu aurkezpena.

Urteurrenean ere aukera izango dugu gozatzeko. Modu askotako ikuskizunak prestatzen ari gara, arraiotar txikienen bisita ere espero dugu, eta ospakizunerako tarterik ere ez zaigu faltako, noski. Aurrerago zabalduko dugu urteurrenaren berri zehatzago.

Bitartean, uhin askeetan topatuko gara! Sintonizatu FM 99.3! www.arraio.eus

Be First to Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude