ArNAStu nazazu maitatzeko

Bihotza ireki dizut
harekin zu besarkatzeko
bi hots oihartzun batean
zuk hobeki entzuteko
M.Z esateko...
...sentitzeko!
Ta bularra uzten dizut
haurtzarora itzultzeko
ta harekin jolastean
inozentzia tarteko
zure maitasuna...
...sentitzeko!
Muxu bat eskatzen dizut
harekin zu dastatzeko
zure bi begiak parean
betileak miazkatzeko
maite zutaz...
...gozatzeko!

maitasuna arnastuz bizirauteko
arnastu nazazu maitatzeko!

Neurea neurea

Ni ez naiz inorena, 
ez dut inor aukeratu nahi, 
ez dut inork ni hautatzerik nahi.
Ni, izatekotan, maite nauten eta maite ditudan guztiena naiz,
eta horregatik naiz, bereziki, neure neurea.

LorE BaT

Lore bat izan nahi nuke
gaua iristean petaloak itxiz
zu besarkatu ahal izateko
goizeko lehen eguzki izpiak
esnatze gaituen arte!

ZuREtzako

Denbora tarte bat hutsunean, zuretzako.
Zuretzako besarkada bat, besarkada bat zuentzako.
muxu bat zuretzat, zuentzat
Begiak itxi eta sentitu, sentitu nire irrifarra, indarra.
Distantziak agortu, eta gozatu.
Begira nazazu, oroitu nazazu
eta berriz biziko dugu momentu goxo bat
hutsunean,
denborak ezarritako hutsuneak betez.

AMArauNA

Armiarma bezain jostun ona izan nahi nuke
behin hala bihotzean ireki zitzaizkidan zauriak
ondo josteko.

GalDUTa PerdIDOS

Nahiago nike
telebistari begira baino
nire begietara begira
galduko bazina!

NoLA ESAN ba

Nola esango diat bada,
hire enbidoek urduritzen nautela.
Urduritzen nautela
mus partidetako zure begirada eztitsuek.
Eta behatzak dantzan ipintzen zaizkidala
tantoekin batera,
aurrera eta atzera, nora ezera!
Nola uko egin
tximeletak bistaratzen dituzten begiratu horiei!
Nola esan gustoko zaitudala
ez naizenean oldartzen zure begietara!
Eta orain ere,
konturatzerako aldegin zara!
Orain ere ezin esan
gustoko zaitudala!
Orain ere... aixxx
berandutu zaidalaaaa...
Ametsetan, mozkorkeritan hona eta hara...
baña gaur ere nire ondoan zu falta zara!
baña nire kontzientzian zabiltz tanto bat bezala
musik EZ! Muxuak... beharbada
maitasunari ordagoa botatzeko ordua bada!

DESPISTATUON GAFEAK!

Pentsatuta neukan guztia. Ia guztia...
Etxea guretzat genuen. Katua eta txakurra konpainia egiteko prest. Maindire berriak, poltsa beroa eta kazike boteila prest.
Kalean afaldu genuen, nik hain gustoko nuen herri txiki horretan. Sentimenduak biltzen zaizkidan leku horretan. Oraindik ez dut ezagutzen bertan jatetxe begetarianorik, baina tira egun hura haragia jateko erreserbatuta neukan.
Oilaskoa patatekin. Iztar bakoitzari hozkadada ematen nion bakoitzean, zureak imaginatzen nituen eta tximeletek astoratzen zuten nire tripa. Begiradak gurutzatzen zitzaizkigun begi ninien dirdira artean.
Luze hitzegin genuen, biok gara eta hiztun xamarrak. Hitzegin genuen musikaz, okupazioaz, palestinaz eta latino amerikaz, ardo boteilak gure masailak gorritzen zituen bitartean. Postrerako txokolatezko pastela eskatu genuen, eta txokolatezko irrifarra zetorkidan zure gorputz biluzia oroitzean; gozoa eta goxoa. Azala azalaren kontra, ahhh... ederra!
Kotxea hartu eta etxerat abiatu ginen. Ilargi beteak inguruko paisaia argiztatzen zuen. Mendi eta larreak elurrez bustiak. Eta etxera iritsi orduko, zure ezpainetan busti nituen neureak, zure gorputzean urtu nintzen, txokolatea bezala, gozo eta goxo-goxo.
Gitarraz jardun ginen kantuan, kuba-kazike boteilak azken arnasa hartu zuen arte. Orduan oheratzeko ordua iritsi zen. Eta gitarra jotzen jarraitu nahi nuenez,honen ariak bailiran laztandu nizkizun ileak. Ilargiaren argipean, dastatu zintudan, goitik beheraino, behetik goraino, azken egunotako desira eutsiari bide emanez.
PENTSATUTA NEUKAN GUZTIA, IA GUZTIA... baina despitatua izaki, ahaztu zitzaidan, ahaztu beste despistatu bat nuela ondoan. Egunez nahasi zinen, eta ilargi betea bakarrik geratu zen gure zain, Ernioko magalean. 

ORBELPEAN

Otso beldurgarrienak ere
ardi zuri dira
zure bularraren babesean


Taupadak lehertzen zaizkit
zure gorputza besarkatzean

Biluztu nazazu goxoki
zure hatsaren ahapean


Estali nazazu orbelez
gauaren ilunean
ilargiaren argipean...


...askatasuna sentitu dezadan
zure begietara so egitean

Ederra zara!

Neska ederra iruditu ninduzun...
ederra irrifarrea...
izakera ederrekoa!
Ederra izan zen elkarrekin hartu genuen
lehen tragoa
ederra elkar tragoz irentsi ginenekoa!
Ederra lehen gau hura,
haurrek margotutako
eguzki traketsak,
zure algarak,
nire irria...
Ederrak izan dira
zure besarkadak
zure musuak.
Ederrak baita,
piztu ditugun borrokak,
loratu ditugun lili moreak.
Ederra izaten jarraituko duzu beti niretzat,
berdin dio Gasteizen,
Indian,
Mexikon
hala Madrilen.
Ederra izan baita zu ezagutzea,
eta ederra izanen da zu maitatzea! 


ABCDEF... Harremantze faseak


A
ametsetan

B

baba dayola

D

dudak

E

erabakiak (hartu behar bizitza horixe da eta...)

F

finikito

AmeTS

Eta gaur zurekin egin dut amets.
Amets lotan, amets esna.
Amets zure begietara begira.
Betile luze horien azpian gordetzen den
begirada eder horri begira.
Eta zure ondoan egote hutsarekin
urduritu naiz, kuleroak bustitzeraino.
Irribarre urduriaren preso,
zuri so gozo-gozo,
eta begiei malkoak lez,
ezpainei lerdea jarioz.
Zure ondoan eta zu ukitzeko
desiatzen.
Desiatzen zu laztantzeko,
muxukatzeko eta gozatzeko.

GAUR BESTE EGUN BAT DA,
gaur aspaldiko irrifarre inozo berarekin
itzuli naiz lanera.
Ametsetan...
eta ametsak EGI bihurtuko balira...ahhhhhhh!

Balantzaren beste aldea!


Maiz bilatzen dugu balantzaren beste aldea,
bila gabiltzala jakin gabe.
Eta hala aurkitu ditut nik ixilune goxoak
izara azpian.
Soilik zure harnas hotsa,
zure besarkada estuak lagunduta.
Hala aurkitu dut,
bihotz taupadak biderkatu bezala
hauek baretzen dizkidana.
Lasaitasuna pertsonan,
bi begiraden arteko patxada.
Ezer egin gabe gustora egoteko arrazoi bat,
soilik sentitu,
soilik gozatu!!!

Bihotzaz

Bihotza lur eremu zabalegia da
jabe bakar bat izateko.

Bihotzaz II

Bihotza esku askoz zaindu beharreko 
lur eremu zabala da.
Eskuren batek baja hartuta ere,
inoiz ez idortzeko.
Bihotza lur eremu emankorregia, preziatuegia da,
Patriarkatuaren eskuetan ahitzeko.

Alez, Ale...

Goitik behera, behetik gora.
Alez ale irentsi, alez ale dastatu
Hamabiak pasata ere jolasean jarrai
mingaina berdetu arte
lehertu arte
mahats sorta hau
zure gorputza bailitzan gozatu!!

XXX...


Amets tanta bat izan nahi nuke zure besoetan,
izerdi tanta bat zure azalean irristatuz
Irrist azalean eta ezpain hezetan tupust!

zAngAlAtrAbAtu!
Eta izarapean gurutzatu genituen zangoak
zangalatrabatzera jolasteko...
Gorputz adierazpenaren artez,
azalaren ukimen leunez
forma geometriko ederrenak sortuz!

LASAITASUN HURA

Lasaitasun hura dut amets
zure besoetan nuena,
mundu aldrebesean, azkarrean
zure besarkaden baretasuna.
muxuen goxotasuna.
Gerlak zartatutako gorputza
laztan bakoitzean
sendatzen zenidan
Errepresioak azalean ereindako zauri bakoitza
zure gorputzari itsatsiz ixten zitzaidan.
Eta orain bideak aurrera darrai.
Begiek ñir-ñir egitean,
eskuek dar-dar
zure argazkiari begira galtzen naiz,
zure begi polittei so
eta han topatzen dut
zure babesa
han zure maitasuna.
MAITE HAUT TTIKI!!!

GalderaIKUR ERdiak

Galdera-ikur bat darabilkit
ispilu baten bila
galdera-ikur urduria, dardartia

Galdera-ikur bat darabilkit
bihotz erdi baten tankeran
noraezean erdi asetuta

Hiru puntu suspentsiboko galdera-ikur bat
izenik gabeko maitasun historio baten ikur gisan,
muxu eta laztan goxoen pexkixan!

TOMA!

Toma mis manos,
toma mis llantos,
toma mis versos,
toma mi amor!

eskuen bila...
mira billa
bihotzaren herdoila...
maitasun etsiaren moila
negarraren mintzaia...
eta irriaren jaia
distantziaren harmaila...
lurra iraultzeko laia
poesiaren sutoña...
bihotza laztantzeko oiña
gogoaren zerralla...
bidea daukat zaila
maitasunaren ezin ... ta nahia!

Zure KOALa


Zure koala izan nahi dut,
zure enborrean zintzilik
edo zure enborrean itsatsirik.
Besarkada estu batean galdurik,
helduta gottik ta behetik,
ez dago gozamena ezezik!
Hertsi nazazu gogotik!!!

ASKATASUN NAHIA

Zulo txikitik so 
paisaia berberean galtzen zait begirada
orain ilun, gero argi
orain euritsu, orain ateri.
Aspaldi joan zen elurra, 
aspaldi zen urtu.
Aspaldi ziren urtu
begien atzean izoztutako
malkoak ere.

Zulo txikitik begira
paisaia aldakorraren monotonia opari
nire begi txikientzat.

Zulo txikitik so
arnastu ezinezko mendia, 
zeharkatu ezinezko errepidea
ukitu ezinezko harrizko etxeak, 
laztandu ezinezko lore gorriak.


Zulo txikitik
monotonia aldakorra
denbora aurrera doan seinale.

Zulo txikitik so
artega, 
zakur arrotzen ibilgailu hotsa, 
begi ninien dardara eraginez
izotz horma arantzadunak 
nire barrunbeak orrazten
odola izozten, 
begi txikiak lausotzen.

Zulo txikitik begira
ilargiaren argia,
begiek arnas dezaketen sosegua
bizirik sentitzeko egia.

Zulo txikitik so
zulo handian ez jausteko arrazoiaren argia
etorkizunerako zubia 
askatasunaren argazki txikia.