Press "Enter" to skip to content

Kategoria: Ithaka Ukatuz

Hesietatik ihesten: Canadan hasi eta Grezian amaitzeraino

Nola hasi bidaia bat Canadan eta Grezian amaitu? Zerk eramaten zaitu horretara? Gaurkoan Ithaka Ukatuz saioan Telmo Iruretagoiena izango dugu bere bizitza markatu zuten abenturaz beteriko esperientzia batzuk kontatzeko asmotan.

Canadan hasi zuen bidaia luze batek Ipar Amerika eta Ertamerikako herrialde ugari ezagutzeko parada eman zion. Horrez gain bidaia horretan izandako bizipenek urte batzuk beranduago Greziara bultzatu zuten bertan dauden errefuxiatuei esku bat botatzeko asmoz.

Hau dena eta askoz gehiago 21:30etan puntu puntuan Arraio Irratian!

Asia hegoaldearen nondik norakoak

Indarrez, ilusioz eta irribarre eder batez euren bizitza inguratzen duen bikote bat izango dugu gaurkoan Ithaka Ukatuz saioan, Miren Utrilla eta Peio Ruiz hain zuzen ere.

Asia hegoaldeko India, Sri Lanka eta Indonesia bisitatzeko aukera izan zuten hurrenez hurren 3 hilabetetan zehar, beraz gaurkoan ere inbiriaz josi eta hortzak luze eta zorrotz jartzeko prest izan entzule kuttunak!

Beste behin ere 21:30tatik aurrera zatoz bidaiatzera!

Afrika sakoneko perla

Zubi ederraz gozatu ostean berriz ere hemen gea herrialde berri bat ezagutzeko irrikaz. Gaurkoan Oriotik gerturatuko zaizkigu Amagoia Iribar, Ane Garcia eta Joseba Orella.

Aurreko urtean Uganda bisitatu zuten bertako emakume alargunen elkarte batean proiektu txiki bat aurrera eramanik. Proiektuaren nondik norakoak, bakoitzak zein esparrutan parte hartu zuen eta herrialdearen kuriositate guztiak errepasatuko ditugu asteazkenero bezala 21:30tatik aurrera Fmko 99.3an!

Sagar haundiaren bila

Gaurkoan hirukote pintoresko bat datorkigu irratsaiora. 2017ko abenduan, Willy Fog esatariarekin batera, Iker Lizarriturri, Unax Nogales eta Joxean Del Rey New York hiria ezagutzera joan ziren Estatu Batuetara.

Bidaia benetan gogoangarria burutu zuen laukoteak, eta bertan igarotako 12 egunen jarraipen bat egiteaz gain, batez ere hiri miresgarri honetan gertatu ziren anekdota sinestezin eta barregarriak pilatzen saiatuko gara.

Beti bezala 21:30tatik aurrera Arraio Irratian zuzen-zuzenean!

13 urtez, Arraioz(a)harro!

Bai, zaharragoak eta harroagoak gara arraiokideok. Zergatik sinetsi zahartzea txarra dela? Nork erabaki zuen hamahiruak zorte txarra ematen duela? Hamahirugarren urteurren honetan, inoiz baino bihurriago gaudenez hautsak eta uhinak harrotuko ditugu!

Ikasturte hau oparoa izaten ari da: 9 irratsaio ditugu entzungai (musika, gaurkotasuna, kirola, elkarrizketak, bidaiak, bertsoak, feminismoa, euskara, jasangarritasuna, ekologia…) eta 35-bat kide gabiltza informatzen, pentsarazten, isilaraziei ahotsa ematen, bestelako musika eskaintzen…. Harro egoteko arrazoirik ez zaigu falta, hortaz.

Irrati librea gara, autogestionatua, euskalduna, bizimodu kapitalista eta heteropatriarkarra irauli nahi dituena. Gure helburua eragitea da; pasibo nahi gaituzten arren, ez gara! Besterik badago, besterik egin dezakegu. Eta horretan ari gara, bestelako bide hori eraikitzen.

Oraindik ezagutzen ez bagaituzu, egin aproba, piztu irratia, sintonizatu FMko 99.3a; Zarautzen ez ezik, Oriotik hasi eta Ondarruko portuko ranpiraino entzun gaitzakezue. Eta interneten ere bagaude,www.arraio.eus web-orrian, edo Euskal Herriko Irrati Libre eta komunitarioen Arrosa sarean ere bai (www.arrosasarea.eus).

Eskerrik asko, noski, orain arte entzun gaituzuen guztioi, etorri zareten guztioi, lagundu duzuenoi. Irratiak hitz egiteko balio du, bai, baina entzuten ez bada, zentzurik ez du. Horregatik guztiagatik, aurtengo urteurrena ere zuekin guztiekin ospatu nahi dugu. Izan ere, xedeak eta balioak argi ditugu, eta horien artean dago zuek, gure entzuleak zaindu eta gozaraztea; arraiokideok gozatzen dugun bezainbeste, ahal bada.

Martxoak 16, larunbata. Plaieroen inguruko solasaldia Zarautz Kirol Elkartean 11:00etan.

Martxoak 21, osteguna. Ahoztar Zelaietaraen La trama del 4% Putzuzulo gaztetxean 18:30ean.

Martxoak 24, igandea. Gipuzkoa Bertsotan, girotze saioa Putzuzulo gaztetxean 17:00etan.

Martxoak 27, asteazkena. Mahai-ingurua: Euskara sexista eta ez sexista Modelo aretoan 19:00etan.

Apirilak 4, osteguna. Sendabelarrak Sara Letamendiarekin Merkatu Plazan 19:00etan.

Apirilak 26, ostirala
. Gipuzkoa Bertsotan, berotze saioa Putzuzulo gaztetxean.