Press "Enter" to skip to content

Kategoria: Hankak lurrean

Maskilu Zeberioko kontserba kolektiboak eta transgenikoak gaurkoan

Gaurko ttirriki ttarraka irratsaioan kolaborazioen atalean Aitziberren tartea izango dugu.  Nekazaritza industrializatua eta transgenikoen erabilpena izango dugu hizpide. Bestetik elkarrizketa nagusian Zeberioko Jon izango dugu Maskilu kontserbera kolektiboaren berri emanez. Hain zuzen Arratia-nerbioko nekazari eta ekoizleei aukera bikaina eskaini diete ekimen honen bitartez euren barazki, fruitu eta perretxikoekin kontserbak egiteko, modu herrikoi batean. Hona beraz gaurko gai nagusiak, arratsaldeko 19:30 20:30 artean. On egin!

 

Bio eraikuntza eta romaneskoa gaurko ttirriki ttarrakan

Gaurko kolaborazioan Arzank gure chef handia izango da Arraioko gela arroxean. Garaiko barazkien gaineko ezaugarri eta errezeten atalean romaneskoa ekarri digu. Itxura berezia bezain ederra duen neguko barazki honekin opiltxoak egiteko errezeta paregabea ekarriko digu gurera. Bestetik, elkarrizketaren tartean Inhar Agirrezabal zarauztar arkitektoa bertaratuko zaigu bio eraikuntzaz jardutera. Izan ere, zer da bio eraikuntza? zer ikasi dezakegu, nola baliatu naturak eskainiko baliabideak, nola jardun gure lurrarentzat kaltegarriak ez diren  baliabideekin? Hauek eta bestelako mila galdera erantzuteko eta batez ere bio eraikuntzaz pixkat gehiago sakontzeko aukera izango dugu , ostegunero bezala ttirriki ttarrakan( hankak lurrean) irratsaioan arratsaldeko 19:30-20:30tara.

Urtarrilari errepasoa eta Aleka bertako hazien inguruko egitasmoa aztergai

Hileko azken ostegunetan egin oi dugun bezala ttirriki ttarrakan, urtarrilak eman duenari astindua emango diogu, han-hemenka lurrari loturiko gaiak aztertuz. Bestetik, Aleka egitasmoaren sustatzaile den Kelo izango dugu elkarrizketa nagusian. Amenabar Behekoa Beizamako baserrian hasitako ekimena  da berau eta helburu nagusia bertakoa, ekologikoa eta kalitatezko hazien sarea osatzea da. Duela hamarkada zenbait, baserrietan bertan bildu oi zen hazia, uztatik onentsuena jaso eta batez ere amonen lana zen datorren urterako gorde eta etenik gabeko ekoizpena bermatzea eta hobetzea. Egun ordea, multinazionalek hedatu dute euren atzaparra txokorik galduenera iritsi arte eta gero eta zailagoa da bertako haziak topatzea. Adi beraz gaurkoan oso interesgarria izango baita, 19:30-20 30 artean arraio irratiko uhin libreetako emanaldia. OSASUNA!

Huerta Peraltako greba eta asuna senda belarren atalean

Aste honetako ttirriki ttarrakan(hankak lurrean) senda belarren atalari ekingo diogu lehenik. Bertan, Sara Letamendia aizarnarrak pasa den eguneko katarro, eztul eta biriken gaineko landareei beste erabilera batzuk emango dizkio. Gogoratu abenduko kolaborazioan, plantaina, ezkaia eta zolda belarrarekin osatu zuela beteak beste negurako jarabe aproposa. Oraingoan ordea hauekin bestelako erabilerak aipatzeaz gain, asuna bertaratuko digu. Askotan ume eta  hain ume ez garenon azkurak eragindako landare honek onura izugarriak ditu , beti ere behar den bezala erabilita. Elkarrizketaren orduan berriz Huerta de Peraltako greba izango dugu hizpide Ramon Nafarroako landa eremuko Lab eko kidearekin. Beraekin, atzo bertan amaiera eman zitzaion Azkoiengo nekazarien borroka eta euren egoeraz gain, oro har lur jabeak ez diren jornalari eta tenporeroen egoeraz mintzatuko zaigu. Badakizue beraz zuzenean ostegunero bezala gaur ere 19:30 20 :30 artean. OSASUNA!

Markinako eskolako jantokia eta Aralarko pisten auzia aztergai ttirriki ttarrakan

Gaurkoan bi gai interesgarriren bueltan ariko gara irratsaioan. Lehenik Aralarko parke naturalera joango gara Aitziber Sarobe Arkamurkako kidea eta biologoa dugula gidari, hain zuzen, azken urteetan hainbeste zeresan sortu duen artzainen pisten auziaren inguruan sakontzeko.Bestetik puri-purian dugun  beste gai bati helduko diogu, zer jaten dute gure haurrek jantokietan, nola eraldatu catering zerbitzuekin sortu den ezin egona? nola elikatu osasuntsu? nola bertako jaki eta baliabideak ustiatuz? Honetarako Markinako Bekobenta eskola publikoko guraso elkarteko kide den Zuriñe izango dugu gurean. Egundoko dinamika jarri dute martxan Markinan bertako produktu eta elikagai ekologikoen alde eginez. Aukera bikaina duzue beraz gaurko ttirriki ttarrakan  korapilo hauek arraioko uhin libreen bidez askatzen joateko.Ostegunero bezala arratsaldeko 19:30- 20:30  On EGIN!